130 ekintzatik gora madalenetan
Zumardiko agertoki nagusian ariko dira Delirium Tremens, Leize, Oihan Vega eta La Perra Blanco.
Ate joka dira madalenak, eta gogotsu da jai batzordea horiek heldu eta beste urte batez “herritik herriarentzat” antolatutako egitarau zabal eta askotarikoaz gozatzeko. Egitarau horren oinarrian, elkarlana eta pluraltasuna , “komunitate sendo eta bateratu baten izaerari erantzuten diona”.
Ostiralean egin zuen aurkezpena jai batzordeak eta hainbat datu eman. Denera, 130 ekintzatik gora antolatu dituzte: erakusketa, antzerki, kirol jarduerak, danborradak, dantza, lehiaketa eta dastaketa gastronomikoak, besteak beste. Horietatik guztietatik, gainera, 65 izango dira musika emanaldiak, “publiko eta gustu ezberdinei zuzenduta”. Horren erakusle, Zumardiko oholtza nagusian ariko diren taldeen berri eman dute. Hilaren 21ean 01:00etan Delirium Tremens mutrikuarrak izango dira protagonista. 1980-1990 hamarkadetan euskal rock eszenako talde erreferentea izan zen, eta hiru hamarkada agertokuetatik kanpo emanda 2022an diskoa argitaratu zuten mutrikuarrek, Hordago.
Hilaren 22an ordu berean Leize zestoarrak izango dira agertokian. 1982an sortua, 1997an desegin zen taldea, baina2006an berriro elkartu ziren. 23an 00:00etan hasita, madalenetako klasikoa bilakatu den Oihan Vega bergararra izango da Zumardiko oholtzan eta bertaratzen direnak dantzan jarriko ditu DJak. 24an, azkenik, 00:30ean hasita Cadizko (Andaluzia, Espainia) La Perra Blanco izango da oholtza gainean. 2016an sortutako proiektua da hirukotea, eta rockabillia jotzen dute. Get it out da hirukoaren azken diskoa.
Aurten ere hiru txupinazo izango dira: mila koloreko txupinazo txikia, Holi txupinazoa, eta txupinazoa. Azken hori zuzenean jarraitzeko aukera izango da Herriko Plazan, edota Zumardian udalak jarriko duen pantaila erraldoiaren bidez. Bertaratu ezin dutenek, gainera, etxetik edota munduko edozein puntutik jarraitzeko aukera izango dute zuzenean emango baitute stremaning bidez Herri Bizia webgunean (egin klik hemen).
Elkarlanaren lehen topagunea baina, hilaren 21ean 14:00etan izango da, Herriko Plazan egingo duten herri bazkarian.
Madalenetako zapiak salgai direla dagoeneko jakinarazi du jai batzordeak, 6 euroan eros daitezke herriko hainbat puntutan. (Kontsultatu zerrenda albiste bukaeran).
Erasorik gabeko madalenak helburu
Jaiak denen gozamenerako eta haietaz libre gozatu ahal izateko apustua egin du jai batzordeak, “hori horrela erasorik gabeko madalenak helburu dituen neurri sortarekin bat egiten dugu”.
Madalenak prestatzen gozatu duten adina gozatuko dutela festak bizitzen esan dute bukatzeko, “eta herritarrek hala egitea gustatuko litzaiguke. Ez ahaztu etxean lepoko gorri-urdina eta atera kalera gozatzera, jaiak marraztuz, haietan parte hartuz, jai herrikoiak biziz”.