Hibaikako Emakumeak bikain Galizian
Azken aurreneko postuan sailkatu ziren Coruñako estropadan larunbatean, atzo Bueun, luxuzko estropada eginda, bi postu gora eginda bosgarren sailkatu ziren.
Aho zapore gozoarekin itzuli dira Hibaikako emakumeak Galizian. Bertan hasi zuten Euskotren Liga eta hitzordu bikoitza izan dute. Larunbatean Coruñan izan zuten estropada eta zazpigarren postua egin zuten 11:51:54 denbora eginda. Denbora guztiak kontsultatzeko egin klik hemen. Atzoko hitzorduan, bikain errenteriarrak, estropada osoan erritmoa mantenduta, hasi eta buka lehen postuan euren txandan distantziak mantenduz beste ontziekin. Hondarribiak azken txanpan bizitu zuen erritmoa ia estropada osoan izan zuen bi segundoko distantzia laburtuz, baina ongi eutsi zion Madalen ontziak eta gailendu 10:53:54 denbora eginda.
Horrenbestez, atzoko estropadan oso merezitako bosgarren postua Madalen ontziko eskifaiarentzat. Lan bikaina errenteriarrena. Atzoko estropadaren denborak kontsultatzeko egin klik hemen.
June Mikeok estropada bukatuta komunikabideei egindako adierazpenetan oso gustura direla lortutako emaitzarekin azaldu zuen, “larunbateko estropadan ez genuen gure arraunkera hartu eta arantzatxoarekin gelditu ginean baina gaur amorru handiagoarekin atera gara, baina gehien bat disfrutatzera eta negu osoan egin dugun lana ere erakustera. Azkenean, negu oso gogorra izan da guretzako, taldea asko aldatu delako—baja ugari izan dituzte— baina egin dugun lan guztia emaitzak ekartzen hasi dela dirudi. Alde horretatik oso pozik gaude”.
Asteburuko emaitzak batuta, seigarren dira sailkapen taulan. Kanporaketa saihestu eta Euskotren Ligan segitzea dute helburu aurten, ahal dela eroso eta goiko postuetatik ahalik eta hurbilen. Zuzenean jaitsiko da ETE Ligara azken sailkatua aurten (8 postua) eta play offera, berriz, zazpigarren sailkatzen den trainerua joango da; seigarren postuan dute beraz marra gorria errenteriako arraunlariek.
Hurrengo hitzordua Donostian izango du Madalen ontziak, 17:25ean hasita.