Landarbaso, Austriako nazioarteko abesbatza lehiaketara
Austriako Spittal an der Drauko lehiaketan parte hartuko du Landarbaso abesbatzak, mundu osoko taldeekin lehiatzeko.
Munduan barrena haien izena eta Errenteria-Oreretarena zabaltzean ditu da Landarbaso abesbatza. Ibilbide oparoa du soinean, ez da gutxiagorako, kalitate gorenekoa delako; horren erakusle azken urteetan irabazitako sariak. Austriako Spittal an der Drauko Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan ariko da talde errenteriarra eta harantz abiatuko da ostegunean, hilak 4. Musika korala maite dutenentzat, ezinbesteko hitzordua omen da ekitaldi hori, eta mundu osoko abesbatzak bilduko dira bertara, “agertoki ezin hobea da abesbatzako kideen talentua eta dedikazioa erakusteko”.
Musika koralaren bueltan antolatzen den ospetsuenetakoa da Austriakoa, bitan izan da bertan partaide Landarbaso, 2004an eta 2012an. Iazko udan bigarren Asia Grand Prix irabazi ondoren, Spittaleko lehiaketa erronka berria da Landarbasorentzat Europan. Zuzendari lanetan, Iñaki Tolaretxipi arituko da. Austriako lehiaketa hori ez da mugatzen ahotsaren kalitatea eta zehaztasun teknikora, “kultur aniztasuna eta sormena obrak interpretatzeko garaian ere hartzen ditu aintzat”.
Mimo handiz aukeratutako lanak eramango ditu Tolaretxipik gidatzen duen taldeak lehiaketara, abeslarien maila eta birtuosismoa agerian jartzeko. Abesbatza guztiek Nana Forteren Give us peace, eta Johannes Brahmsen Es ist das Heil uns kommen her, edo Caludio Monteverdiren O Rosiggnuol obra intrepretatu beharko dituzte. Nahitaezko obrek konplexutasun eta aberastasun tekniko handia dute.
Horiekin batera, Landarbaso abesbatzak, Kyrie (Part Uusberg) eta Atsalums (Jekabs Jancevskis) ere aukeratu ditu. lan horiek iaz interpretatu zitzuten errenteriarrek Balin, eta sari nagusia eskuratu. Folklore kategorian Javier Bustoren Ametsetan, Vixtor Zubizarretaren Ama begira zazu eta Jesus Guridiren Akerra ikusi degu interpretatuko dituzte.Spittal an der Draurako lehiaketa aukera paregabea izango dela nazioarteko beste abesbatza batzuekin esperientziak trukatzeko uste du Landarbasok, baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako abesbatzen artean sendotzen jarraitzeko.
Tolaretxipiren arabera, Landarbasok lehiaketa “bikaina” egiteko “gogo handia” du, “dena ematera joango gara, eta ea zorte pixka bat dugun eta albiste eta sari onekin itzultzen garen Euskal Herrira”. Horrenbestez, zale guztiak Landarbasoren sare sozialetara “adi” egotera animatu ditu, “lehiaketaren parte hartzeari buruzko albisteak eta eguneraketak eskainiko dira denbora errealean”.