Itxaropenerako arrazoiak dituzte San Juanen
Batelerak bueltan dira, eta aldi berean, gizonen traineruak dena irabazten hasi du KAE1 Liga. Ontzien entrenatzaileekin hitz egin du HITZAk.
Baikortasuna eta itxaropena. Horiek San Juan-Koxtape Arraun Elkartean egun dituzten sentsazioak. Baikortasuna lehian dituzten bi traineruek sasoi hasiera ona izan dutelako. Itxaropena, bi urtez lehorrean izan ondoren Batelerak berriz ere itsasora atera direlako. Kontra, gizonen B ontzia biltegian utzi behar izan dute.
Gazte-gazteak dira emakumeen ontziko arraunlariak. Klubaren hurbileko historian emakumeek eman diote taldeari bandera kopuru eta loria gehien arrosei. Berriz ere Batelerak trainerua itsasoratu duten emakume gazteentzat hori guztia zama baino, motibazioa da. Eredu dira emakume txapeldun horiek. «Lehenengo lana trainerua itsasora ateratzea izan dugu. Aurten, klubeko beheko kategorietatik iritsitako neska dezente genituelako osatu ahal izango dugu. Atera dugu, hori da garrantzitsuena», zehaztu du Anartz Gereño entrenatzaileak. ETE Ligan lau estropada egin dituzte jada: «Ez dugu esperientziarik traineruen alorrean. Egiten dugun guztia ongietorria izango da, estropadetako postuak edozein direla ere. Probak egiten ari gara; batzuetan ondo aterako dira, besteetan agian ez espero bezala. Detaile txiki asko dira. Horretan ari gara».
Arraunean esperientzia handikoa da Gereño, bai arraunlari zein prestatzaile bezala. Taldea gidatzeko garaian Oihana Cereijo Batelera historikoaren laguntza duela adierazi du, heldulekua da harentzat egunerokoan. Emakumeen traineruaren proiektua hasiberri den arren, Gereñok uste du talde honek elkarrekin urte batzuk egiten baditu, helburu potoloetara iristeko aukera izanen dutela: «Denbora gutxian dezenteko maila ematen ari dira. Aurreko Bateleren aroan gertatu zena ehun urtean behin gertatzen da. Oso berezia izan zen hura. Taldea mantentzen badugu, maila horretara agian ez, baina oso lan txukuna egin dezakegu».
Zaindu, elkar ezagutu, giro ona izan, pozik egon. Horretan jarri du azpimarra Gereñok aurrera egiteko: «Noski, teknikoki ere aurrera egin behar dugu. Baina gure arteko giro egokia izatea ezinbestekoa da aurrera egiteko. Talde bat pozik dagoenean, gainontzeko guztia etorri egiten da».
Ametsetatik, helburu zehatzetara
San Juanen gizonen trainerua sasoi hasierako sentsazioetakoa izaten ari da. Ekaineko txapelketetan bikain aritu ziren, eta ligen aroa hasita, berretsi egin dute uste zen hori: KAE1eko hiru banderak irabazi dituzte. Beraz, Eusko Labelera igotzeko kanporaketetan izatea jada ez da ametsa, helburu zehatza da. «Baina ez dago dena egina, inolaz ere. Astebururo puntuak banatzen dira. Bi hilabete eta erdiko lana da. Ez dugu arazorik goian egoteko, ondo goaz eta pozik gaude. Baina astez aste joan behar dugu, eta ea bukaeran play-offetako postuetan gauden». Zuhur mintzo da Joseba Fernandez entrenatzailea.
Arkote, Lapurdi, Zarautz, Zumaia… Horiek KAE1en San Juanek orain arte hurbilen izan dituen ontziak. Borroka estua espero du Fernandezek. Baina aurreko urteetan Endika Zaldua entrenatzaileak landu duen blokeari balioa eman dio sanjuandarrak, eta gazte multzo horri eskarmentudun arraunlariak —Fernandez tartean— gehituta, taldean «nahasketa polita» dutela aitortu du prestatzaileak. «Gainera, giro ezin hobea dugu gure artean. Zoratzen gabiltza emaitzekin, bai. Baina etorkizuneko proiektua da gurea. 21-22 urteko arraunlariak dira bizkarrezurra».
Etxera bueltatu da aurten Fernandez. Aurreko sasoietan mila batailatan izandakoa da, klub oso handietan. Bere lan egiteko era jada nabaritu dute klubean. «Baina nire bueltatze honetan nabaritu dudana izan da ilusio handia dagoela hemen. Azken urteetan igotzeko egindako saiakera antzuek nolabaiteko asperdura eragin zuten klubean, eta hori iraultzeko gogo bizia dago. Arraunlariei inor baino gutxiago ez direla esaten diet. Baina hori egunerako lanarekin azaldu behar da».
Jarraian, bai emakumeen zein gizonen traineruetako plantillak.