Play-offa du begiz jota Hibaikako gizonen traineruak
KAE 2 Ligan ari dira Hibaikako gizonak, eta helburua play-offera heltzea dute. Hiru estropada jokatu dituzte eta lehenean bikain ibilita, beste bietan ez dute lortu nahi duten maila ematea. Bihar, "beste bertsio bat" emango dutela Donostian sinistuta dago Iglesias.
KAE 2 Ligan ari dira Hibaikako gizonak, eta helburua play-offera heltzea dute. Hiru estropada jokatu dituzte eta lehenean bikain ibilita, beste bietan ez dute lortu nahi duten maila ematea. David Iglesias entrenatzaileak erronka horri erantzuteko potentziala dutela sinistuta azaldu da, “baina ez dugu asmatu. Erronkak berak izaten jarraitzen dute, KAE1 Ligara igotzea, nahiz eta oraintxe, egin ditugun estropaden ostean bateren batek pentsa dezaken ez duela zentzu handirik planteamenduak”.
Taldearekin konfiantza osoa du Iglesiasek, “badakigu zein diren gure akatsak, baita zein diren gure indarguneak ere, eta badakigu ere orain artekoari buelta emateko aukera izango dugun estropadak izango ditugula aurretik”.
Hibaikako gizonen trainerua “talde berria” dela azaldu du Iglesiasek, “arraunlari eta patroi gazteak ditugu eta entrenatzailea esperientziarik gabekoa, arraunlari gisa eskarmentua dut, baina entrenatzaile gisa hirugarren urtea dut”. Baldintza normaletan ongi moldatzen direla itsasoan dio, zailtzen direnean, ordea, zalantzarik ez du beteranotasunak garrantzi bizia duela talde guztiarentzat: “Itsasoan sufrituko genuela barneratua nuen”. Argi du halaber, baldintzak ez badira oso zailak ondo ibiliko direla: “Bi estropada oso gogorrak tokatu zaizkigu. Donostian, bihar, beste bertsio bat emango dugu”.
Aitortu du bere lehen helburua ez dela hain eskuragarria lehen hiru estropaden ostean, “liga irabaztea zen. Sinistuta nengoen hasieran irabaztea genuela, helburu hori urrutiago dago, eta orain play-offak behar du gure jomuga”.
Talde ona duen zalantzarik ez du Iglesiasek, eta emaitza kaxkarrek eragin diotela onartu badu ere, horri ere buelta eman dio: ” %100 erantzun didan talde bat dut, taldetzarra, mutil gazte konprometituak ditugu eta hori aurkitzea oso zaila da gaur egun. Beldur handiena da dudan taldearen mailan ez aritzea. Kezkarik handiena hori dut, ezin diet hutsik egin”.
Sinistuta azaldu da Donostiako biharko estropadan irabaztea dutela, “eta ez badugu irabazten gertu izango gara”. Argi esan du Iglesiasek, “irabaztera aterako gara. Talde oso ona dugu, psikologikoki oso indartsua, eta zerbait lortu badugu da taldea egitea. Talde honekin ziur naiz bukaerara arte borrokatuko garela”. Entrenatzen dituen arraunlariez harro azaldu da: “Gaur gaurkoz, konpromisoa, indarra eta gogoa duen taldea dugu uretan. Harro nago dugun taldeaz”.