San Pedro, ilusioz itzuleraren denboraldirako
Denboraldi bikaina osatu ondoren, Eusko Label Ligarako igoera lortu zuen iaz San Pedrok. Bost urteren ondoren, elitera bueltan da 'Libia', eta «ilusioz» daude.
Iaz denboraldi bikaina osatu ondoren, Eusko Label Ligarako igoera lortu zuen San Pedrok. Bost urteren ondoren, elitera bueltan da Libia, eta «ilusioz» daudela aitortu du Xabier Isasa presidenteak.
Sanpedrotarren denboraldi aurreko emaitzak, baina, nahiko gorabeheratsuak izan dira. Gipuzkoako Txapelketan seigarren izan ziren, garaile izan zen Hondarribitik 51 segundora. Eusko Labeleko gainontzeko traineruak nabarmen aurretik izan zituzten moreek, baita KAE1 ligako San Juan ere. Emaitza horiek, beharbada, alarma gorria piztu zuten zaleen artean; ez ordea klubean.
Oinak lurrean, Isasak onartu du jakinaren gainean zeudela «beheko postuen borrokan» ibiliko den taldea direla; hortaz, egoera horrek ez ditu ezustean harrapatu. Libia ontzia «mentalizatuta» iritsi da denboraldi hasierara, jakinda hasiera gogorra izango zela eta liga «oso potentea» dela. Hala ere, presidenteak ez du ezkutatu «ilusioz» eta «borrokatzeko prest» daudela.
Asier Carballedak iazkoaren antzeko eskifaia izango du bere esanetara, igoerako blokea mantendu baitute. Taldeak bospasei aldaketa izan ditu iazkoarekin alderatuta, eta Isasak adierazi du talde «lehiakorra» dutela. «Arraunlariak mentalizatuta daude eta badakite zer daukagun esku artean. Ilusioarekin gaude».
Igo berria den taldea izanik, Isasak argi du aurreneko helburua azken postuak saihestea dela. «Hori da gure erronka», esan du. Bide horretan, presidenteak baietsi du ahalik eta probetxu gehiena ateratzen saiatuko direla dituzten baliabideei, eta ondoren, urak jarriko dituela beren lekuan. Partidaz partidako filosofiari helduta, moreak ere «estropadaz estropada» joango direla nabarmendu du Isasak, eta haren ustez aurtengo sasoia arraunlari askorentzat eta klubarentzat ikastekoa izango da, ia hamar arraunlarik egin berri baitute debuta Eusko Label Ligan. Ikasketa prozesu hori etorkizunerako ere «probetxugarria» izango dela ziur da presidentea.
Galiziako balantzea, ona
Orain arteko emaitzak onenak izan ez badira ere, azken asteetako entrenamenduak «oso onak» izan direla jakinarazi du Isasak, eta sentsazio on horiek Coruñako eta Bueuko estropadetan islatu zirela adierazi du. Galiziako bi estropadetan hamaikagarren sailkatu ziren moreak, hau da, azkenaurren, baina sanpedrotarrak «oso pozik» itzuli dira. Debut astearen balantze ona egin du IsasaLarunbatean, Cidade de Coruñako VIII. Banderan, zazpigarren izan zen Lekittarratik soilik sei segundora helmugaratu zen Libia, aldeak oso estuak izan ziren ontzien artean. Igandean, aldiz, Concello de Bueuko III. Banderan, diferentziak handiagoak izan ziren, baina positiboena da San Pedro Bueuko ontzia bi estropadetan atzean uzteko gai izan dela. Libia, hortaz, lau punturekin itzuli da Galiziatik.
Isasa ziur da asteburu batzuk «mentalki nahiko gogorrak» izango direla, baina beste batzuk onak izango direla badaki. Coruñan ez zuten zortea alde izan, aldeak estuak izan baziren ere, Libia izan baitzen atzean geratu zena. Hala ere, lehen asteburuak erakutsi du gainontzeko ontziekin lehian izango direla, eta presidenteak adierazi du «detaile guztiak aprobetxatuta» Coruñan izandako zorte txar hori on bilakatu daitekeela: «Uste dut gai izango garela besteei erakusteko lo hartzen badute hor egongo garela. Pozgarria da ikustea arraunlariak dena ematen ari direla, eta haientzat ere prozesu bat da. Pazientziarekin uste dut aurrera egingo dugula».
Jarraian, plantilla: