Landarbaso, hirugarren Austrian
Irabazlearengandik bi puntura geldituta hirugarren izan da Landarbaso abesbatza Spittal an der Drauko txapelketan. Derrigorrezko obraren atalean interpretaziorik onenaren saria eskuratu dute errenteriarrek, gainera.
Gorenean dabil Landarbaso abesbatza. Hala erakutsi du beste behin ere. Asteburuan, Austriako Spittal an der Drauko Nazioarteko Abesbatza lehiaketan aritu dira errenteriarrak Iñaki Tolaretxipi zuzendariaren gidaritzapean. Ohikoa duten maila berean aritu dira, bikain, eta hirugarren postua eginda itzuli dira Errenteria-Oreretara; ez hori bakarrik, derrigorrean interpretatu beharreko obraren atalean, interpretaziorik onenaren aitortza ere jaso du Landarbasok, lehiaketan estreinatu zuen Nana Forteren Let us know peacekin.
Voca Erudita abesbatza indonesiarrak jaso du lehen saria 93 punturekin, eta bigarrena berriz, Italiako Coro Musicanovarentzat izan da 92,5 punturekin. Hirugarren posturako berdinketa Landarbaso abesbatza eta Akademski Pevski Zbor Maribor Esloveniako abesbatzaren artean. Lehia gogorrean, epaimahaiak interpretazioen txukuntasuna eta aukeratutako lanen zailtasun teknikoa nabarmen jarri zituen. 91 puntu bildu zituen denera Landarbasok.
Landarbaso abesbatzaren kasuan, koruaren sonoritatea jarri zuen nabarmen Johannes Brahmsen Es ist das Heil uns kommen her piezan; ahoskera perfektua eta xehetasunei arreta nana Forteren Give us peace lanean, eta Jekabs Jancevskisen Atsalumsen interpretazio bokal zein performatiboa. Ez zuten hainbesteko zorterik izan folklore atalean; bosgarren sailkatu ziren 86 punturekin Italiako tradizioa garaile izan zen kategorian.
“Poz handiz” hartu dute polifonia kategoriako hirugarren saria eta derrigorrezko lanaren atalean jasotako interpretazio onenaren saria ere.
Spittalen aritu den hirugarren aldia izan du abesbatza errenteriarrak honakoa —2004an eta 2012an ere izan ziren lehiaketan—, eta beti dela “berezia” aitortu du Tolaretxipik: “Publikoaren sentsibilitateagatik eta partekatzen diren lehen mailako abesbatzen proposamen kulturalengatik. aurten hain maila handiko palmares batean sartzea ohorea izan da”. Talde gisa “aberasteko” eta Europako lehiaketa tradizionalenetako batez gozatzeko balio izan digu” .
Spittalek 58. ekitaldia izan du aurten.
Lehiaketarako emanaldiak bukatuta, taldeak inguruko herrietako hainbat ekitalditan parte hartu zuen atzo, hala nola, Spittal an der Draunn abestutako mezan eta Millstatten emandako kontzertu irekian.
Errenteria-Oreretan da jada abesbatza, lan bikaina egin eta euskal musika Europan barrena zabaldu ostean.