800 kilo hondakin atera dituzte ibai eta erreketatik
Oiartzun ibaiaren ibilguan eta Tolarieta, Masti, Lintzirin eta Epentza erreken erretenetan egin dute garbiketa.
Oiartzun ibaiaren ibilguean eta Tolarieta, Masti, Lintzirin eta Epentza erreken erretenetan garbiketa lanak egin ditu brigada batek bost egunez—hilaren 3tik 11ra bitartean— Errenteriako Udalaren eta Behemendi Landa Garapenerako Elkartearen elkarlanari esker. Naturgune horietatik, denera, 800 kilo hondakin atera dituzte, plastiko ugari tartean.
Oiartzun ibaiari dagokionean, Oiartzungo muga eta Santa Klara plazaren arteko zatia da garbitu dutena, Lintziringo erretena Lartzabal auzoan hasi Oiartzungo mugaraino hartzen duen zatia barne, baita Fanderiako kanala ere.
Landa eremuan Tolarieta, Masti eta Epentza ibilguak ere garbitu ditu brigadak. Garbitutako zatiak, honakoak: Honakoak dira garbitutako zatiak: lehenik, Tolarieta baserritik Masti-Loidi industrialdea bitarte; bigarrenik, Loidi baserritik Pontika auzora; eta hirugarrenik, Perurenatik Txikierdira. Ibaietako ubideak, ezpondak eta ertzak garbitzeaz gain, inguru hauetako espaloi eta erreka ondoko eremuak ere garbitu dira.
Sentsibilizazio ariketa ere bada 2016an abiatutako kanpaina. Zehazki hondakinen kudeaketak daukan garrantzia eta herritarren ardura kolektibo nahiz indibidualak jarri nahi ditu erdi-erdian: “Hondakinak jatorrian murriztu eta birziklatzeko egoki bereizten ez badira, herriko ibaietan agertuko dira, horiek kaltetu eta kutsatuz, eta azkenik, hondakinak Kantauri itsasoraino ere iritsiko dira”.
Hondakin horiek desegiten diren neurrian, ekosistemetarako eta flora zein fauna basatietarako kaltegarriak diren konposatu kimikoak askatzen dituzte, osasunean eta ibilguetan eta ur-sistemen hondoetan eragiten duten kutsadura-fokuak sortuz. Plastikoaren kasuan, hegazti nahiz arrainek hartan biltzeko edota horiek irensteko aukera dute, fauna desagerrarazteko arriskua eraginez.