Euskara ikasteko diru laguntzen lerroa prest du Lezoko Udalak
Zazpi atal banandu ditu udalak, berritasun batekin: webguneetan euskarak tokia izan dezan laguntza lerro berria proposatu du udalak.
Euskara ikasteko diru laguntza lerroa prest du Lezoko Udalak, 35.300 euroko diru kopurukoa. Herritarren euskararen ezagutzan eta hobekuntzan aurrera egin ahal izateko xedea du lerroak, bai familia alorrean zein jendartean oro har erabilera bultzatu asmoz. Aurreko urteekin alderatuta, berritasun bat du deialdiak: webguneak euskaratzeko edo euskaraz egitekoa. Beste sei ataletan ere eska daiteke laguntza. Honako kasuetan eska daitezke laguntza horiek:
- Euskara euskaltegian ikasteko laguntza. Lezoko Udalak euskaltegiko matrikulen %100 itzultzen du, baldin eta asistentzia %75ekoa bada gutxienez.
- Unibertsitateen udako euskarazko ikastaroetan matrikulatu direnek jaso dezakete laguntza, UEUko eta EHUko ikastaroetan hain zuzen.
- Aisialdiko begirale/zuzendari ikastaroaren matrikulazioak diruz laguntzen ditu udalak.
- Elkarteen edo erakundeen lokaletako edota merkataritzako enpresetan, errotulua euskaraz jartzen bada, diru laguntza eska daiteke.
- Webguneetan puntu.eus domeinua jartzen dutenei ere ematen die laguntza udalak.
- Udalerriz gaindiko eremuetan euskara sustatzen dabiltzan erakundeek eska dezakete laguntza.
- Webguneak euskaraz jartzeko, laguntza eska daiteke (alor berria da honakoa).
Atal horietarako diru laguntza urtean zehar eskatzeko aukera dago. Baina euskaltegietako matrikularen gainekoa, hilaren 30ekoa da epe muga. Dena dela, oinarri zehatzak eta eskaerak egiteko baliabideak Lezoko Udalaren webgunean lor daitezke.
Weborriak
Weborrien kasuan, diru laguntza jasotzeko, oinarri orokorretan dauden baldintzak nahiz berezi batzuk ere bete behar dira. Ondokoak dira berezi horiek:
- Jasotzaileek helbide fiskala Lezon izan behar dute.
- Diru laguntza behin soilik eskatu ahal izango da.
- Webgunea elebitan jarri nahi bada, itzulpen lanak lagunduko dira diru. Udalak jakinarazi du hizkuntzaren kalitatea eta zuzentasuna bermatu beharv direla.
- Ez dira diruz lagunduko: webgune pertsonalak, irakaskuntzari lotutakoak, alderdi politikoenak, Lezoko Udalak lehendik lagundutakoak, eta irainak dituztenak.
- Webgune horien edukietan genero ikuspegia eta hizkuntza ez sexista kontuan izan beharko dira.