Gaztañoko igogailua, martxan
Errenteria-Oreretako hamaseigarren kale igogailua da. Maria Lezo kalea Gaztañorekin lotuko du gaurtik.
Gaztañoko igogailua martxan da. Gaur eguerdian inauguratu dute ofizialki Aizpea Otaegi alkateak eta hainbat herritarrek, eta erakutsi dute 17 laguneko edukierara bikain moldatzen dela. Erdigunea eta Gaztaño auzoa lotzen dituen igogailua herrian dagoen kaleko igogailuen parke zabala osatzera dator; zehazki, hamaseigarrena da, eta horiek guztiek herritarren mugikortasunean duten garrantzia nabarmen jarri du alkateak, “herriko mugikortasunean ezinbesteko tresna bilakatu dira igogailu horiek”.
Ageria-agerian utzi du azken hori Otaegik eman duen igogailuen 2022. urteko erabilera datuak: “Igogailu sareak hiru milioi erabileratik gora izan du”. Zehazki, 3.236.000 bidaia egin zituen igogailu sare horrek, “ezinbesteko bihurtu dira oinezko ibilbideak erraztu, auzoen arteko loturak hobetu, eta irisgarritasuna bermatzeko”. Azken igogailuak izan duen atzerapenari ere egin dio erreferentzia gaurko agerraldian alkateak: “Joan den agintaldiko proiektua da, asko luzatu gara, guk nahi genuena baino gehiago. Ohikoa izaten da obra publikoa luzatzea baina honekin gehiegizko luzapena izan da eta egia da aurreikusi genuena baino sei hilabete beranduago zabaldu dugula igogailua”.
Atzerapenak atzerapen iritsi da. Iazko uztailean hasi ziren igogailua eraiki eta inguruko irisgarritasuna hobetzeko lanak, eta guztira 711.586 euro bideratu ditu udalak horretara.
Ezaugarri teknikoei dagokienean, hamazazpi lagunentzako edukiera du igogailu berriak eta 1.275 kg-ko karga jasan dezake. Kabina 150 zentimetro zabal eta 190 luze da, eta horrek oinezkoentzat erabilgarri egiteaz gainera, bizikletentzat ere egoki egiten du. Zerbitzua, gainontzeko igogailuek ematen duten ordutegi berean egingo du, 06:00etatik 01:00etara.
Bi igogailu berri agintaldi honetan
Igogailu berrien gaineko eskaera berriak uneoro dituztela jakinaraztearekin batera agintaldirako hartutako konpromisoen berri eman du Otaegik. Hala, bi igogailu aurreikusten ditu udalak; lehena, Pontika auzoa eta Luis Mariano Plaza lotuko dituena. Bigarrena, Pontika eta Igantzi auzoa lotuko dituena. Azken horren kokapena duela bi aste auzotarrekin egindako batzarrean adostu zuen udalak, auzotarren babes zabalarekin Otaegik nabarmendu duenez: “Bizilagunek hobetsi dute Pontika Galtzarabordarekin lotuko duen alternatiba. Dagoeneko idazketarekin hasi gara”. Agintaldiko bi igogailuak bakarrean egingo dituela ere jakinarazi du alkateak, “Pontikatik irtengo den horrek erantzungo dio Luis Mariano plazako zatiari, baita Igantzikoari ere”.