Txekian da Iglesias Munduko Txapelketako laugarrena jokatzeko
Lehen postuan heldu da Txekiara pilotu errenteriarra arerio nagusi duen Indonesiako Aldi Satya Mahendra pilotuari 12 puntuko aldea aterata.
Txekian da Iñigo Iglesias Bravo Iñi58 pilotu errenteriarra bihartik igandera arte bertan jokatuko den munduko txapelketaren laugarren proban—zazpigarren eta zortzigarren lasterketak egingo dituzte— parte hartzeko. Mosteko autodromoan jokatuko dute txapelketa eta errenteriarra sailkapen taularen goi-goian mantentzeko puntuak biltzen saiatuko da. Ilusioarekin eta txapelketari ekiteko gogoz da pilotua. Duela bi aste izan zen autodromo horretan probak egiten baldintza meteorologiko ezberdinekin eta oso emaitza onak lortu zituen errenteriarrak, Horiek errepikatzea du helburu orain, txapelketaren laugarrenean.
Lehen postuetarako lehia gero eta zailagoa da, horren jakitun da Iglesias, baita zirkuitu eta lasterketa bakoitza bakarra dela, baina erronka horri eustea du helburu orainarteko emaitzak eta posizioa betikotzeko. Lehen postuan heldu da Txekiara pilotu errenteriarra arerio nagusi duen Indonesiako Aldi Satya Mahendra pilotuari 12 puntuko aldea aterata. Distantzia hori handitzen saiatuko da asteburuko bi lasterketetan Mosteko zirkuituan.