'Erreka' berdin, 'Batelerak' hobeto
Gizonen traineruak seigarren bandera irabazi du asteburuan. Emakumeenak hirugarren egin du; hainbat ikusleren irainak jaso dituzte emakumeek.
Berriz ere, asteburu oparoa izan da San Juan-Koxtaperen traineruentzat. Larunbatean izan zuten jokoan asteburuko bandera bakarra bai Erreka zein Batelerak traineruek Pedreñan. Gizonen traineruak berdin jarraitzen du, hau da, banderak pilatzen. Emakumeen ontziak, berriz, aurrera jauzia egin zuen eta hirugarren izan zen sasoiko emaitzarik onena lortuz.
Erabateko nagusitasuna. Ia-ia normaltasuna da irabaztea. Hori da Erreka-k ematen duen sentsazioa. Larunbatean lehen ziabogatik aurrea hartu zuen Joseba Fernandezek gidatutako ontziak, eta lasai antzera irabazi zuen ligako seigarren bandera, seitik sei. Atzean izaten dituztenen artean aldaketak daude, baina lehen postuan beti arrosak. Hala, sanjuandarrek (20.42ko denbora egin zuten) bigarren izan zen Zumaiari hamabi segundoko aldea atera zioten larunbatean, eta hamazazpikoa Lapurdiri. Lasai ez, baina nagusitasunez bai. Hala ari dira uda pasatzen Donibane aldekoak. Ia-ia ligaren erdira iritsita, inork ez du auzitan jartzen KAE1eko lehenak izango direla, bera, Eusko Labelera igotzeko play-offean plaza izango dutela.
KAE1 Liga zertan den jakiteko, baliatu esteka hau.
Gozoa eta gazia. Halakoa izan zen Bateleren larunbata. Gozoa ETEko zortzigarren estropadan (sei dituzte aurretik liga bukatu arte) sasoiko emaitzarik onena lortu zutelako hirugarren postua lortuz (11.30) Astilleroren (11.14) eta Zarautzen (11.24) atzetik. Horrela, ligako bosgarren postuan egonkortu egin dira Batelerak, eta laugarren tokiari kosk egitea zail badute ere, asteburutik asteburura hobera egiteko aukera dute arrosek, eta aurten agian ez, baina hurrengo sasoirako ikasketa ederra bereganatzen ari dira emakume arraunlari gazteak.
ETE Liga zertan den jakiteko, baliatu esteka hau.
Alde gazia ere izan zuen larunbatekoak. Hainbatek iraindu eta erasotu egin zituzten bai sanjuandar emakumeak zein Arkoteko (gizonen trainerukoak) arraunlariak, jada etxera bueltarako prest furgonetan zirela. Arrosen traineruak kalteak izan zituen. Ez zen kalte pertsonalik izan.