[Erreportajea] Oarso-Bidasotik Parisera
Hilaren 26an Olinpiar Jokoak hasiko dira. Aurtengoak Parisen izango dira, eta Oarso-Bidasoko lau kirolari lehiatuko dira Frantziako hiriburuan: Begoña Lazkano, Maitane Etxeberria, Andy Criere eta Alain Kortabitarte.
Parisko Olinpiar Jokoak gainean dira. Hiru egun falta dira sugar olinpikoa Sena ibaian pizteko. Ibai hori argiaren hiriko ikurretako bat da, eta bertan egingo da irekiera ekitaldia, 19:30etik aurrera. Aurten, berritasun gisa, irekiera ez da estadio batean izango, aire zabalean egingo baita, eta herrialde bakoitzeko ordezkariak ontzi batera igoko dira sei kilometroko ibilbidea osatzeko. Une horretan hasiko dira XXXIII. Olinpiar Jokoak, abuztuaren 11ra arte jokatuko direnak, eta Frantziako hiriburua goi mailako kirolaren epizentro bilakatuko da bi astez.
Milaka parte hartzaile izango dira Parisen, bakoitza munduko txoko batetik iritsita, bakoitza helburu eta istorio batekin. 200 herrialdek baino gehiagok izango dute ordezkaritza Parisen, eta 10.500 kirolari inguru espero dira. Oarso-Bidasoa ere presente izango da zita olinpikoan, orotara lau izango baitira Parisen izango diren kirolariak: Begoña Lazkano piraguista pasaitarra, Maitane Etxeberria eskubaloi jokalari lezoarra, Andy Criere surflari hondarribiarra eta Alain Kortabitarte skater errenteriarra. Lauentzat izango dira lehen Olinpiar Jokoak, lauek Parisen egingo dute debuta.
Lau kirolari horiek Ander Elosegi ur bizietako piraguista irundarraren, Julen Aginagalde eskubaloi jokalari irundarraren, Teresa Errandonea hesi lasterkari irundarraren eta Ane Santesteban txirrindulari errenteriarraren lekukoa hartuko dute hilaren 26tik aurrera, horiek izan baitziren Oarso-Bidasoko ordezkariak 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan (2021ean jokatu ziren). Hortaz, Tokion adina ordezkari izango dituzte Parisen Bidasoak eta Oarsoaldeak, baina duela hiru urteko zita kontuan hartuta, ez du inork bere parte hartzea errepikatuko. Elosegik, Aginagaldek eta Errandoneak erretiroa hartu dute, eta Santesteban ez da Espainiako selekzioko deialdian sartu, Gema Pascual prestatzaileak Mavi Garcia eta Mireia Benito txirrindulariak hautatu baititu Parisko zitarako. 2016an Rio de Janeiron eta 2021ean Tokion parte hartu ondoren, txirrindulari errenteriarra ez da bere hirugarren Olinpiar Jokoetan izango.
Zita Olinpikoaren atarian, HITZA-k Begoña Lazkanorekin hitz egin du, eta onartu du «ilusioz» eta «gogoz» dagoela bere lehen Olinpiar Jokoetan parte hartzeko. Piraguista pasaitarra K1 modalitatean arituko da Vaires-sur-Marne kanalean. Binakako eta launakako ontzietan ere aritzen da, baina bakarka lehiatuko da Parisen, abuztuaren 7an eta 10ean. Lazkano esprintaren modalitatean uretaratuko da, eta 500 metroko luzera osatu beharko du.
Piraguista pasaitarrak aitortu du txikitako ametsa beteko duela Parisen, beti izan baitu Olinpiar Jokoetan lehiatzeko helburua eta ilusioa. Pasaiako portuan igo zen lehen aldiz piragua batera 10 urterekin, udako ikastaro batean, eta bi hamarkadaren ondoren munduko lehiaketarik garrantzitsuenera heldu da. Pasaiako portutik Parisko zita olinpikora egin du jauzi pasaitarrak, lehen momentutik «asko disfrutatu» duen kirol batean. «Klubeko entrenatzaileak esan zigun piraguismoa gustuko bagenuen apuntatzeko aukera genuela. Esan zigun negua irauten bagenuen klubean geratuko ginela, eta hala izan zen. Asko gustatu zitzaidan piraguismoa eta lagun asko egin ditut bide horretan», esan du kirol horretan egin zituen lehen pausoez.
Parisera iristeko bidea, baina «zaila» eta «luzea» izan dela nabarmendu du Lazkanok, baina ez du inoiz amore eman, jakitun baita «maila ona» duela onenen pare egoteko. «Lan handia» eginda iritsi da Parisera, eta gogotsu da Olinpiar Jokoen esperientzia bizitzeko.
Lazkanok adierazi du ziklo olinpikoa asmo batekin hasi zuela, baina intentzio hori etengabe moldatu behar izan du Parisen egoteko. Hasiera batean K4 modalitatean sartzeko helburua zuela jakinarazi du piraguista pasaitarrak, ontzi horietan plaza asko baitaude. Helburu hori, baina, ezin izan zuen egikaritu. Orduan, K2 modalitatera sailkatzen ahalegindu zen Laia Pelachs taldekidearekin, baina postu bakar batengatik kanpoan geratu ziren. Une hori latza izan zen Lazkanorentzat, baina ez zen apaldu, eta motibazioz bete zen, Parisen lehiatzeko helburua gertu ikusten baitzuen. Ondoren, Lazkanori eta Pelachsi K2an aritzeko beste zirrikitu bat ireki zitzaien, Olinpiar Jokoen aurreko txapelketan plaza bat gehiago baitzegoen jokoan. Lehiaketa horretan ere ezin izan zuten Pariserako txartela lortu.
Lazkanok, orduan, Olinpiar Jokoetan izateko azken bidea aktibatu zuen, eta K1 modalitatean zentratu zen, plaza bat jokoan zegoelako. Toki hori Isabel Contreras piraguistarekin jokatu zuen maiatzean, Hungariako Munduko Kopan. Parisen izateko, Lazkano Contrerasen aurretik sailkatu behar zen Sgezedeko kanalean. Biak ala biak B finalean aritu ziren nor baino nor. Pasaitarra laugarren postuan sailkatu zen, eta Contreras, zazpigarrenean. Hortaz, pasaitarrarentzat izan zen jokoan zegoen azken txartela, eta Parisen izango da. «Bidea luzea izan da, eta, gainera, oso plaza gutxi daude Olinpiar Jokoetarako. Badakizu nahiz eta ondo ibili kanpoan gera zaitezkeela, baina zorionez plaza lortu dut lan handia eginda, eta oso pozik nago. Bidea luzea izan da, baina merezi izan du».
Sailkapena «intentsitate handiarekin» bizitu zuen Lazkanok, eta egun batzuk behar izan zituen «asimilatzeko» bere lehen Olinpiar Jokoetan izango zela. Ordutik, Parisen irudikatu du bere burua, eta buru-belarri prestatu du zita olinpikoa. Orain prestakuntzaren azken fasean dago, lana eginda dagoela badaki, eta oraingoa «sentsazioak hartzeko» eta «ondo sentitzeko» momentua dela baietsi du pasaitarrak. Bi aste falta zaizkio debuterako, lehia gertu du Lazkanok, eta txapelketarako prest dagoela ziurtatu du.
Maila onena lortzea helburu
Olinpiar Jokoetan izateko helburua bazuen ere, eta bertara sailkatzeko maila egokia duela jakitun izan arren, Lazkanok ez zuen asko irudikatu nahi Parisen izango zela, ez sailkatzearen «desilusioa» bizi izan baitu aurrez. Aldi berean, «ilusioa» izatea funtsezkoa dela iritzi du pasaitarrak, eta bien arteko oreka lortu behar dela ziur da: «Oreka behar da. Ilusioa izan behar duzu, baina aldi berean errealista izatea gustatzen zait, burua bere lekuan izaten».
Piraguista pasaitarrak helburu argi batekin ekingo die Olinpiar Jokoei: bere maila onenean aritu nahi du. Hungariako Munduko Kopan, esaterako, bere betiko marka onena ondu zuen, eta Parisen bide horretatik jarraitu nahi du. «Nire sasoi onenean iristea da dudan helbururik handiena», esan du. Hori dela eta, ez du postu jakin bat helburutzat jarri, ziur baita garrantzitsuena bere lanean zentratzea dela: «Maila onena lortzen badut, lehiak jarriko dit postua. Gainontzekoen lana ezin dut kontrolatu».
Lazkano Donostia Kayak klubean ari da. Hala ere, Pontevedran (Galizia) dago kontzentratuta, eta hiru denboraldi daramatza bertan arraunean. Abuztuaren 2an Asturiasen kontzentratuko da gainontzeko kideekin batera, eta abuztuaren 3an hartuko dute Pariserako bidea. Pasaiako portutik Olinpiar Jokoetara egin du jauzi, eta «gogotsu» da esperientzia bizitzeko.
Maitane Etxeberria eskubaloian
Eskubaloiko emakumeen Espainiako selekzioak apirilean lortu zuen Pariserako sailkapena Olinpiar Jokoen aurreko txapelketan Argentina garaitu ondoren (26-23). Ordutik, Parisko zitan zentratu dira, eta prestaketaren azken fasea Artalekun (Irun) egin dute. Angolaren eta Hego Korearen aurka jokatutako hiru partidak poltsikoratu dituzte. Prestaketa osoa taldearekin egin ondoren, Maitane Etxeberria lezoarra Ambros Martin prestatzailearen 14 jokalariko deialdian sartu da. Tokiokoak galdu ondoren, Pariskoak izango dira Bera Berako jokalariaren lehenak.
Espainiako selekzioak eta Etxeberriak hilaren 25ean debutatuko dute Brasilen aurka, 14:00etan. Irekiera ekitaldia hilaren 26an bada ere, eskubaloiko, futboleko, zazpiko errugbiko eta arku-tiroko lehiak lehenago hasiko dira. Brasilen aurka aritu ondoren, Angolaren, Herbehereen, Hungariaren eta Frantziaren kontra jokatuko dute. Taldeko lehen lau sailkatuak abuztuaren 6tik aurrera jokatuko diren final-laurdenetarako sailkatuko dira.
Andy Criere surfean
Andy Criere surflari hondarribiarrak otsailean lortu zuen Olinpiar Jokoetarako txartela, Puerto Ricoko ISA World Games txapelketan eskuratutako emaitza bikainengatik. Criere, gainera, Olinpiar Jokoetan izango den Euskal Herriko lehen gizon surflaria izango da. 2018an eta 2023an Espainiako txapeldun izan ondoren, Olinpiar Jokoetan estreinatuko da. Donostian jaio bazen ere, Hondarribian egin zituen ikasketak, eta hertsiki lotua dago herrira.
Hondarribiarraren lehiak ere bitxikeria bat badu, surfa ez baita Europako kontinentean jokatuko, antolatzaileek Tahitiko uhartea hautatu dute kirol horren txapelketetarako. Tahiti Polinesia Frantseseko irlarik handiena da, eta Ozeano Barean dago kokatuta, Australia eta Hego Amerikaren artean.
Aurtengoa da surfaren bigarren aldia kirol olinpiko gisa. Tokion estreinatu zen 2021ean, eta Parisko antolakuntzak mantendu nahi izan du kirolen zerrenda luzearen barruan, hiriburu frantsesetik urrun lehiatuko bada ere, zehazki Frantziatik 15.000 kilometro baino gehiagora. Crierek eta gainontzeko parte hartzaileek munduko olatu arriskutsuenetako bati egin beharko diote aurre, Muro de las Calaveras bezala ezagutzen denari. Surf probak hilaren 27tik abuztuaren 8ra bitartean jokatuko dira.
Alain Kortabitarte skatean
Crieren antzera, Alain Kortabitarte Olinpiar Jokoetan skatean lehiatuko den Euskal Herriko lehen gizona izango da. Eta surfean gertatzen den bezala, Pariskoa izango da skatearen bigarren aldia kirol olinpiko gisa Tokion estreinatu ondoren.
Skater gazte errenteriarra park modalitatean arituko da Parisen, soilik 18 urterekin, eta ekainean lortu zuen sailkapen txartela, Budapesten (Hungaria) jokatutako proban. Kortabitarte Parisko Concorde plaza esanguratsuan arituko da abuztuaren 7an, beste 22 parte hartzailerekin batera. Skater errenteriarra Oarso-Bidasoko ordezkari gazteena da, soilik 18 urterekin jokatuko baititu bere lehen Olinpiar Jokoak. Kortabitartek, gainera, badaki zer den urrezko domina bat zintzilikatzea, Espainiako txapeldun izan baitzen 2022an.