Herri bat egin dute
Lurrikara laranjak dardarazi ditu gaur bazterrak, eta ageri-agerian utzi dute beste behin ere, Kuadrilla Egunaren atzean herri bat dagoela bizi-bizi.
Herria egin dute. Lurrikara laranjak dardarazi ditu gaur bazterrak, eta ageri-agerian utzi dute beste behin ere, Kuadrilla Egunaren atzean herri bat dagoela bizi-bizi. Adin guztietako kuadrillek hartu dute kalea enegarrenez eta kolorez, doinuz, baina batez ere konplizitatez eta konpromisoz bete dute. Konpromisoa eta konplizitatea, bestela ezinezkoa baita ulertzea herri bat dantzan jartzeko gaitasuna.
Zumarditik abiatu dira ehunka eta ehunka lagun, olatu laranja erraldoia kalez kale eraman, Herriko Plazan porturatzeko. Bidean, baina, hainbat geldialdi berezi egin dituzte esker onez zipriztintzeko bazterrak. Sindikato tabernan izan da lehena. Azken urte luzeetan hura gidatu duten Javi Arenaza eta Maika Aramendiari eskerrak eman dizkiete, eta harro jaso dute marea laranjaren txalo eztanda Sindikato gaineko balkoian; aurtengoa izango dute azken urtea taberna eramaten, eta denbora luze honetan eskainitako laguntza eta izandako konplizitatea eskertu diete biei.
Aipamen berezia ere Manuel tabernari; hura gidatzen dutenei ere urtero emandako laguntza esker onez aitortu diete. Gogoan izan dute, halaber, aurten zendu den Patxi Etxeberria Anginas ere, “jaiaren eta herriaren parte izan delako”. Azken aipamena, DJ Bulli berari, ez omen dute tratatzen Oreretan bezain maitekiro beste inon, “maite zaituztet” oihukatu die kuadrillei furgoneta barrutik, gaur bere urtebetetzea izanik, Zorionak zuri abestu diotenean.
Sindikato tabernan DJ Bullek gidatutako komitiba erraldoiak egin duen geldialdia hunkigarria izan da; baita Herriko Plazara heltzeko unea ere. Foru Plazan Xanti, Maialen eta buruhandien konpartsarekin bat egin dute kuadrillek, eta elkarren ondoan igo plazara dantzan. Bertan Agurra dantzatzen die alkateak kuadrillei aitortza eta esker ona adierazteko. Aizpea Otaegik, baina, ezin izan du dantzatu gaurkoan, lesionatua baitago. Bertan izan da, hori bai, olatu erraldoi laranjari harrera egiteko, baina dantzatu, Eneko Gil dantzari bikainak egin du, nola gainera! Bukatzeko familia argazkia egin dute kuadrillek Xanti, Maialen, eta buruhandien konpartsako kideekin batera, dianaren doinuak abestu eta dantzatu bitartean. Palestinari ere egin diote keinu bi erraldoiek; lepoan jarri diete Maialen eta Xantiri kufiya Palestinako zapia.
Gaur ere herri bat izan da dantzan, gaur ere herri bat egin dutela jarri dute agerian; herri eredugarri bat. Ondoko argazkiak Ikerne Zarate HITZAko kazetariarenak, eta Igor Elberdin oreretarrak bidalitakoak dira.