San Juan-Koxtapek Pedreñako "eraso larria" salatu du
Larunbat arratsalde osoan zehar gorroto irainak jasan zituztela adierazi du klubak, "euskaldunak izateagatik".
San Juan-Pasai Donibane Koxtape Arraun Elkarteak larunbatean Pedreñan (Kantabria, Espainia) bertako arraunlariek, zuzendaritzako kideek eta laguntzaileek jasandako “eraso larria” salatu du. Klubak egin duen agirian adierazi du larunbateko “arratsalde osoan zehar” gazte talde baten aldetik “gorroto irainak” jasan zituztela, “euskaldun izateagatik”. Gainera, Donibane aldera bueltatzekoak zirenean “aurrez pentsatutako” erasoa izan zutela zehaztu dute sanjuandarrek, “espedizioko kideei kalte material eta psikologikoak eraginez”.
Erasoen gaineko salaketa jada egina du klubak, Ertzaintzan. “Hango autoritateei igorriko diote salaketa”, azaldu dute klubetik. Zehaztu dute hainbat erasotzaile jada identifikatuak izan direla.
Babesa jaso du Koxtapek: “Pasaiako Udalari, Pedreña Arraun Elkarteari, KAEko zuzendaritza batzordeari, Pedreñako bizilagunei, eta KAEko bestelako kluben partetik jasotako laguntza eskertu nahiko genuke”.