Baserritar egun jendetsua izan du Oiartzunek
Done Eztebe plazan, Zimitiyuan eta Adinekoen egoitzan ez zen girorik falta izan atzokoan.
Atzokoa Baserritar eguna izan zen Oiartzunen. Xanistebanen hirugarren jai egunean, jarduera andana izan ziren Done Eztebe plaza betetzeko arrazoi. Goizean goiz, HemenGuk Oiartzungo produktuen azoka egin zuten, bertako eta sasoiko produktuekin. Era berean, txirrindularien egun handia izan zen, Xanistebanetako 76. Saria egin baitzen. Bien bitartean, Inaxio Uharte 23. Sagardo Lehiaketa eta Pintxo lehiaketak egin ziren.
Bazkariak ere egin ziren. Batetik, adinekoen omenezkoa egin zen Madalensoron; bestetik, Zimitiyuan bildu ziren feministak. Azken hauek, bazkalostean drag bingo feminista egin zuten Irungo dragekin eta giro paregabea sortu zen.
Bestalde, adinekoen egoitzara ere bisitaldia egin zuten Haurtzaro Ikastolako Dantza Taldekoek, Lartaun Txistulari Taldearekin eta trikitilariekin batera. Bertan, omenaldia egin zieten herriko adineko hauei, eta baten bat dantzara ere atera zen.
Atzokoan, haurrentzako jarduerak ere egin ziren. Tartean, Andereño txotxongilo ikuskizuna eskaini zuen Anita Maravillas konpainiak, Elizalde Guraso Elkarteak gonbidatuta. Festa oraindik ez da bukatu eta beste egun oso bat dute aurretik oiartzuarrek.