Berrikuntzekin itzuliko dira txistu doinuak irailean
Orain arteko dianak hamabostean behin egingo ditu txistulari taldeak, eta berritasun gisa, kontzertuak eskainiko ditu bi astean behin.
Udako oporraldia bukatuta, irailean itzuliko dira txistu doinuak, eta berrikuntzekin itzuli, gainera. Izan ere, iganderoko dianak bi astean behin egingo dituzte igandero egin ordez, baina txistulari taldeak kontzertuak eskainiko ditu herriko hainbat espazioetan hamabostean behin.
Orain arte igandero egin ditu dianak auzoz auzo, eta irailetik aurrera, berriz, bi astean behin, igandearekin egingo ditu dianak eta kontzertuak. Ordutegia orain artekoa dianen kasuan, 09:00etan; kontzertuak, berriz, 12:30etik aurrera eskainiko ditu txistulari taldeak.
Irailaren 15ean izango da lehen konztertua, Beraungo Ongi Etorri auzo elkartean 12:30ean, eta Gerardo Butronen Beti aurrera, Jon Oñatibiaren Doneztebe, Jesus Guridiren El Caserio, Isidro Ansorenaren Txistularien gizartea, Txomin Agirregomezkortaren Agian eta Txiripaz, eta Alfonso Ugarteren Ordoiztik etxartera joko ditu.
Irailaren 29an izango da bigarrena, Agustinetako auzo elkartean. Zortzikoa (Eusebio Basurko), Suitea (ezezaguna), Ballet (M. Praetorius), Pavane (Etienne de Terte), Euskal Bilera (Isidro Ansorena), Orripeko (Angel Alduntzin), Arin-arin (Federiko Korto ), eta Txanbon (Xabier Sarasola) joko ditu.