Hibaika Kontxan da, bigarren luze ikaragarria eginda
Bosgarren sailkatu da Madalen ontziko eskifaia estropada gogoangarria jokatuta eta itzulerako luze ikaragarria eginda.
Kontxako Banderaren lehian arituko da Hibaika datozen bi igandeetan. Garesti zeuden oso traineruek behar beharrezko zuten txarteletako bat eskuratzea, baina lan gogorra eginda errenteriarrek lortu dute. Ziaboga denborak lehiatik kanpo kokatzen bazituen ere, Iñaki Mendizabalek entrenatzen dituen emakumeek itzulera luze gogoangarria egin dute eta lan gogorrari esker Kontxako Banderaren lehian izango dira datozen bi igandeetan.
Maddi Retegi patroia pozik eta hunkituta azaldu da eta taldekideez harro: “Ezin genuen hobe bukatu denboraldia. Olatu pare bat hartu dugu eta jakin bagenekien itzulera luzean gogor egin behar genuela sailkatzeko. Ez genuen lekutik atera dugu, eta barruan gaude”.
Iñaki Mendizabal entrenatzailea ere pozik emaitzarekin: “Bagenekien bigarren luzean erabakiko zela gaurkoa eta erabaki dugun estrategiak balio izan digu, eman ditu fruituak”. Penatuta ere azaldu da Hondarribia kanpoan gelditu delako, “bi alabak Ama Guadalupekoan ditut arraunean, eta tristura alde horretatik dut, Kontxatik kanpo gelditu direlako”.
Mailari eustea eta Kontxan sartzea, bitik bi, lortu ditu gaurko sailkatze estropadaren ostean talde errenteriarrak.
Hibaikaren Madalen ontzia izango da Oarsoaldea eta Bidasoko ontzien artetik bakarra Kontxako Banderan. Pronostiko guztien kontra, Hondarribia kanpoan gelditu da. Ziurtzat ematen zen Hondarribiaren txartel hori, ligan bikain aritu direlako Ama Guadalupekoa ontziko arraunlariak. Gaurkoa zalantzarik gabe, kolpe handia izan da berdeentzat. Hala adierazi du Miren Garmendia patroiak: “Oso triste gaude. Arraunlarientzat ametsa da Kontxa. Oso negu gogorra izan dugu eta ez sartzea kolpe gogorra izan da”.
Jakitun azaldu da ere ETE Ligako ontzietako batzuk “gogorretik” zetozela, “Kontxarako ez sailkatzea, kolpea izan da. Ondo entrenatu dugu, maila eman dugu, baina besteak gehiago izan dira gaurko estropadan”.
San Juango Batelerak txartela eskuratzetik urruti gelditu dira baina lan polita egin dute uretan, ez da nahikoa izan ordea, datozen bi igandeetan lehian aritzeko.
Igandeari begira zehaztu dituzte txandak. Lehenengoan, Orio, Chapela, Kaiku eta Astillero ariko dira. Bigarren txandan berriz, Tolosaldea, Arraun Lagunak, Hibaika eta Donostiarra.