Kontxarako txartela nahi dute Hondarribiak, Hibaikak eta San Juanek
20 traineru ariko dira 18:00etatik aurrera Kontxako Bandera jokatzeko behar-beharrezkoa duten zazpi txarteletako baten bila.
Egun handia du gaurkoa emakumeen arraunak. Urduritasunak urduritasun, 20 traineru ariko dira 18:00etatik aurrera Kontxako Bandera jokatzeko behar-beharrezkoa duten zazpi txarteletako baten bila. Oarsoaldearen ordezkari, Hibaika eta San Juan ariko dira; Bidasoa aldetik, berriz, Hondarribia.
Ama Guadalupekoak denboraldi bikaina egin du eta nagusitasun erakutsi du berdeen eskifaiak Euskotren Ligako lehenengo txandan, eta ohorezko txandakoengandik gero eta hurbilago dagoela erakutsi du estropada bat baino gehiagotan. Gaurko helburua txartela lortzea dute Kontxako Banderan lehiatzeko, eta dena ondo bidean, ez lukete arazorik izan behar egin duten ibilbideari erreparatuta.
Denboraldiko helburuetako bat beteta heldu da sailkapen estropadara Hibaika. Madalen ontzikoak play offa saihestea zuten egitekoa eta hori beteta Euskotren Ligan arituko dira Iñaki Mendizabalek entrenatzen dituen arraunlariak datorren denboraldian ere.
Txartel bila joango dira gaur, eta lortuz gero, hamabigarren urtea izango dute jarraian Kontxako Banderako lehian errenteriarrek —2013an sailkatu zen Hibaikaren emakumeen trainerua lehenengoz—. Emakumeen ontzietatik bakarra da momentuz hainbeste urtez jarraian aritu dena Kontxan. Marka hori mantentzeko lanetan ariko dira gaur, zalantzarik gabe. Traineru barruko lanari, zaleek emango diete hauspoa. Izan ere, Hibaika Arraun Elkarteak Marea Beltza osatzeko deia egin baitu gaur arratsaldean Donostiako Portuan Madalen ontziko eskifaia animatzeko..
Kontuan hartzekoa da ETE Ligatik gogor datozela hainbat ontzi, eta horiek ere borrokatuko direla gaur txarteletako bat lortu asmoz. Astillero eta Zumaiak denboraldi bikaina egin dute, eta Zarautz ere ongi moldatu da.
Batelerek ere ez dute hutsik egingo gaurko hitzorduan. Maila apalagoan aritu dira denboraldian —bosgarren sailkatu dira ETE Ligako denboraldi bukaeran— eta txartela urrutiago dute. Ezin jakin ordea zer gertatuko den.
Gaurko eguraldiak ezer gutxi izango du ikustekorik atzo gizonen sailkatze estropadan izan zutenarekin. Giro petrala dago iragarria, abisu horipean da Euskal Herria 08:00etatik gauerdira arte euriteak eta ekaitzak espero baitira, kazkabarra barne. Haizea ere bilakatu daiteke arazo gaur arratsaldean, eta azken horrek ere lehia gogorragoa egingo duela aurreikus daiteke.
Sailkatze estropada, erlojupekoa izango da eta 1,5 itsas milia —2778 metro— egin beharko dituzte hogei ontziek. Irteera hurrenkerari dagokionena, hemen klik eginda kontsulta daiteke osorik. San Juan hamargarrena izango da erlojupekoan irteten, Hondarribia hamabosgarren, eta Hibaika, berriz, hemezortzigarren.