Udala garbiketa lanak egiten ari da Jaizkibel hiribidean
Mantenu lan horiek Villa 1 eta kiroldegiko autobus geltoki bitarteko oinezkoen bidean egiten ari dira. Bihar arte jardungo dira eremu horretan.
Lezoko Udala garbiketa lanak egiten ari da Villa 1 eta kiroldegiko autobus geltoki bitarteko oinezkoen bidean. Atzo hasi ziren mantenu lan horiek egiten, eta bihar arte jardungo dira eremu horretan.
Udalak, uda egunak aprobetxatuz, mantenu lanak egin ditu azken hilabeteetan; esaterako, errepide konponketak, hiri altzarien pintaketa lanak, birgaitzeak, erreka bazterretako zakar bilketak edota oinezkoen bide garbiketak egin dituzte. Villa 1 eta kiroldegiko autobus geltoki bitarteko oinezkoen bideari dagokionean, udalak adierazi du eremu horrek urteak zeramatzala garbitua izan gabe; hori dela eta, adar, sasi, belar eta bestelakoak bidetik kentzen ari dira egunotan.
Jaizkibel hiribidean, Villa 1, Villa 2 eta Villa 3 inguruan egiten ari diren garbiketa lanek Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena behar izan dute, kentzen ari diren hondakinak errepidera erori eta autoengan eragina izan dezaketelako. Hortaz, eremu horretan kontuz ibiltzea eskatu du udalak.