Zirkua, Kilometro Lezoren hurrengo proposamena
Iragan asteburuan hasi ondoren, gaur izango du jarraipena kultur egitasmoaren V. ekitaldiak. Gaur, zirku ikuskizuna Lezo Herri Eskolako patioan, 20:00etan.
Hilaren 23an hasi zen Kilometro Lezo jaialdiaren bosgarren ekitaldia Trapu Zaharrak konpainiaren ¡Dale Ramón! antzezlanarekin. Aurtengoa berritasun nabarmenekin egiten ari dira, antolatzaileek jaialdia ibiltari bilakatu baitute. Aurreko ekitaldietan, Lezo Herri Eskolako patioak jasotzen zituen emanaldi guztiak; aurten, baina, herri guztira zabaldu dute kultur egitasmoa, publiko eta espazio berrietara iristeko. Antolatzaileek, orotara, bost emanaldiz osatutako programazioa eraiki dute, aurten ere Lezo kulturaz blaitzeko.
Jaialdiak gaur izango du jarraipena Lezo Herri Eskolako patioan. 20:00etatik aurrera, Alas Circo Teatro konpainiak Aha! Circo ikuskizuna interpretatuko du. Astebururako ere Harrobia konpainiaren Geure(r)a dantza bertikal ikuskizuna zegoen programatuta, baina udalak jakinarazi du bi astez atzeratu dela. Dantza emanaldi hori irailaren 14an izango da, Santo Kristo Basilikaren paretan, 22:45ean.
Aipatutako ekitaldien ondoren, irailaren 15ean bukatuko da V. Kilometro Lezo, santakrutzetan. Tio Teronen Semeak dantza taldeak Haurreskolari ikuskizun berria estreinatuko du Lezoko Goiko plazan, 19:00etan.