Literaturaren sareetan amarauntzeko gonbita
Udal Liburutegiak ekintza proposamen zabala ondu du ikasturte berrirako, eta horietan parte hartzeko izen ematea zabalik du.
Udal Liburutegiak ekintza proposamen zabala ondu du ikasturte berrirako, eta horietan parte hartzeko izen ematea zabalik du. Hemen klik eginda kontsulta daiteke ekintza eskaintza guztia. Xehetasun denak eman dituzte gaur Lekuona Fabrikaren bibliotekan egin duten agerraldian Maite Gartzia Kultura zinegotziak, eta Oihana Aristondo bibliotekako teknikariak. Herritarrak literaturara, kulturara eta ezagutzara gerturatu nahi dituzte, eta hurbilpen hori, ahalik eta positiboena izan dadin nahi dute, gainera.
Berrikuntza bat izan du hizpide Aristondok lehenik. Izan ere, aurten lehenengoz, urte osorako ondu duen eskaintza euskarri fisikora eraman du bibliotekak: “Informazio guztia bildu dugu liburuxkara eta tresna bat izango da gure lanerako, baita bitarteko oso erabilgarria herrek zer, norentzat eta noiz dagoen jakin dezaten”. Beste berrikuntza bat ere aipatu du teknikariak. Izan ere, orain arte telefonoz edota Lekuona Fabrikara gerturatuta eman beharra zegoen izena bibliotekak antolatutako ekintzetarako, aurten bi horiei beste aukera bat gehiago gehitu diote, eta orain online ere izango dute herritarrek aukera (horretarako egin klik hemen). Argi du Aristondok, “online izen emate hori bada beste ate bat herritarrak guganaino heltzeko”.
Astelehenean zabaldu zuten izen ematea, eta hilaren 21era arte izango da aukera. Iaz gertatutakoaren bidetik, aurten ere izen emate handia izatea espero dute hainbat ikastaroetan eta horrenbestez, plazak gainditzen diren kasuetan, zozketa bidez esleituko dituzte lekuak.
Haurrei begirako ekintza guztiak euskaraz izango dira Storytelling for kids izan ezik, ingelesez izango da azken hori, “ahozkotasuna lantzeko balioko du, literatura eta irakurketa uztartuta”.
Helduei begira ere eskaintza zabala ikasturte berrian. Euskara, gaztelania, zein ingelesezko irakurketa klubak, eta gaztelaniazko kontaketa laburren taldearekin batera, poesia tailerra, irakurketa erraza eta pantaila adeitsu tailerra ere martxan izango dira.
Zozketa bidezko esleipena
Herenegun zabalduta, izen emate asko jaso dituztela dagoeneko jakinarazi du teknikariak, “tailerretako asko muga-mugan daude, baina esan moduan, zozketa egingo dugu plazak esleitzeko mugak gainditzen direnetan. Pozgarria da ikustea erantzuna, baita ohartzea talde trinkoak direla, mantentzen duela jendeak urtetik urtera izena emateko joera”.
Poesia tailerrari aipamen berezia egin dio. Iaz jarri zuten martxan eta aurten errepikatu egingo dute, “poesia lehiaketa eta Antologia Poetikoa liburuarekin itxi genuen ikasturtea. berezitasuna da, tailer honetan sorkuntza ere gertatzen dela da; parte hartzaileek irakurri egiten dute, gomendatzen zaizkie poetak, baina tartea dute sormena landu eta idazketa saioak egiteko”.
Begirada ere irakurketa errazeko taldeari teknikariak. Bi talde izango dira, irekia bata, eta 60 urtetik gorakoei begirakoa bestea. Azken horretan sakondu du, iazko esperientzia berezia izan zen zalantzarik ez baitu: “Parte hartzaile denak emakumeak izan ziren eta 80 urtetik gorakoak guztiak, oso talde polita sortu zuten. Aurten ez dakigu zer gertatuko den. Iaz jarraitzeko asmoa erakutsi zuten, beraientzako topagune bat ere badelako, baina ikusi behar aurten izena emango duten”.
Topagune eta saretze espazioak
Garrantzitsua da Aristondok emandako datua, literaturarekin bat egiteko espazioa izateaz gainera, topagune eta saretze espazioa ere badirelako eta horrek garrantzia berezia hartzen du aukeratu ez duten bakardade egoera bizi dutenentzat, edota zaurgarrienak direnentzat. Datu gehiago ere eman ditu teknikariak, azaltzeko talde horietan aukeratzen diren irakurketak bereziak direla, parte hartzaileen ezaugarrietara ahalik eta gehien moldatzeko, “migrazioa, feminismoa, hezkuntzaren gaiak mahai gaineratzeko aukera ematen duten irakurgaiak aukeratzen ditugu horien gaineko eztabaidak bideratzeko”.
Aurtengoa ere, herritarrei, guzti-guztiei, zabaldutako eskaintza dela jarri dute nabarmen Gartziak eta Aristondok eta parte hartzera animatu dute, “gertutik ondutako ekintza sorta interesgarria dute herritar guztiek eskura bibliotekan”.