Hamaika zumez jositako artxipelagoa
Atlantikaldiaren bezperetan jaialdi handiaren egitarau osoa aurkeztu dute gaur: 56 jarduera eta emanaldik ondutako egitarau zabalak ezinbestekoa izan du herriko eragileen parte hartzea, beste behin ere.
Atlantikaldia heltzeko astebete baino falta ez denean eman dute 11. ekitaldia izango denaren egitarau osoaren berri. Musika, dantza, artea, literatura, kirola, bertsolaritza, historia eta gastronomiarekin lotutako 56 jarduera eta emanaldik osatuko dute aurtengo kultur topagune eta musika jaialdiaren egitaraua.
Herriko Plazan egindako agerraldian eman dituzte xehetasun denak Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Esti Parada jaialdiaren komunikazio arduradunak, eta Isaac Palencia Gipuzkoako Foru aldundiko Gazteria zuzendariak, eta haiekin batera izan dira egitarau zabal ontzeko bidean parte hartu duten eragileetako asko.
Atlantikaldiaren bezperetan gogora ekarri du aurtengo jaialdiaren leloa Otaegik: Artxipelagoak. Artxipelagoak, 11. edizioa izatearekin lotuta dagoela jarri du nabarmen, “Hamaika horrek aniztasuna ordezka dezake, eta hori da guretzako Atlantikaldia emozio, bizipen, sorkuntza, esperientzia askotarikoak eskaintzen dituen jaialdia, eta esperientzia horiek guztiek osatzen dute artxipelagoa”.
Eragileei aitortza alkateak, “ezinbesteko protagonista dira Atlantikaldiaren beraren osaeran. Urtero inplikatzen dira eta egiten dute ekarpena”. Horren harira, gero eta Atlantikaldi anitzago eta inklusiboago batera begira nabarmen jarri du eragileen artetik sortutako proposamen berri bat Otaegik, “Bizikletaz adinik ez iniziatiba da hori eta ahalbidetuko die Jesusen Bihotza eta Sanmarkosene adinekoen egoitzetako erabiltzaileei Atlantikaldiaz gozatzea, bizikleta garraiobide gisa erabilita boluntarioen laguntzari esker. Urtero osatzen da ekimen berriekin jaialdia, eta hau bada nabarmendu nahiko genukeen ekitaldi berri horietako bat”.
Aldundiari ere eman dizkio eskerrak, Gazteria departamenduak Atlantikaldia lagunduko duelako.
Eguraldiari ere keinu egin dio, azken egunetakoa ez baita ona izaten ari kale ekintzetarako, “eguraldi ona izatea espro dut, zrbait baldin bada Atlantikaldia kale jaialdia delako eta ezinbestekoa dugulako euririk ez egitea”.
Palenciak hartu du ondoren hitza, aldundiaren izenean. Parte hartzea bi modura egingo duela erakundeak azaldu du Palenciak, Dantzagunearekin batetik, Sortutakoak iniziatibaren barruan ondutako lan batekin eta bestetik, Gazteria sailetik udalekin egiten dugun elkarlanaren bidez gazte eta familiei begirako ekintzak sustatzeko.
Gazteria zuzendariak Gipuzkoar guztiak deitu ditu Errenteriara gerturatu eta Atlantikaldiaz gozatzera, “ea eguraldia lagun dugun gozatu ahal izateko”.
Egitaraua, xehe, Esti Parada jaialdiaren komunikazio arduradunak aletu du gaurko agerraldian. Egitarauko 56 jarduera eta emanaldiak nagusiki lau agertokietan gertatuko direla azaldu du: Agirre Lehendakariaren plazan kokatuko den Itsasargi Nagusian, Herriko Plazan emanaldi intimoagoak, Panier Orubean Kale Kaia artista urbanoen espazioan, eta Foru Plazan, azkenik, Herrixkan ekintza parte hartzaileak eta musika. Gastrogunea ere izango da Herrixka.
Musika kartelari erreparatu dio Paradak, eta gogora ekarri ekainean egindako agerraldian ezagutarazi zituztela jaialdiaren arduradunek kartel buruak: “Izen asko aipatu genuen orduan, eta asmoak ere bai. Asmo horietako bat, jaialdiaren helburua dena, jatorri, genero eta estilo anitzetako proposamenak taularatzea da, eta batez ere emakumeei oholtza gainean merezi duten espazioa bermatzea. Aurten ausartuko nintzateke esaten azken hori lortu dugula”.
Musika programazio zabala
Ekainean aurkeztu zituzten artistei, beste asko joan dira gehitzen udan zehar, honakoak, ariko direnak: Morgane Ji, Iseo &Dodosound, La Otra, La Txama, Bele, Esanezin, Bichos Raros, Azul Ferreira, The Donkey Riders, Ane Martija, Kbless DJ set, Akaleia, Ganibet, Safu, DJ Reimy, Elh Malick, Samba Badago, High alai DJ set, Rig3l, Sotoalde, Lamia Mari eta DJ Katanga. Aldaketa bat izan da ekainean aurkeztutako kartel horretan, Palestinako Sol Band taldeak ezingo du parte hartu jaialdiaren barruan, “penaz hartu dugu eta antolakuntzatik zein taldeak berak saiakera egin badu ere arrazoi burokratikoengatik ezingo dute hemen izan jaialdiaren egun horietan”.
Zerrenda luze hori, itsas elkarrizketekin osatuko dutela aurten ere zehaztu du Paradak: “Itsas elkarrizketek suposatzen dute nazioarteko eta Euskal Herriko artistak harremanetan jartzea, Atlantikaldian sortzen diren ikuskizun horiek bakarrak zian daitezen. Horren barruan aurten, Cocanha bikote okzitaniarrak Julen Achiary eta Maddi Oihenartekin kontzertua egingo dute; Francisco El Hombre talde brasildarra La Furia rap abeslariarekin izango da oholtza gainean; Kataluniako Queralt La Hoz Saforekin ariko da.
Nabarmen jarri du Atlantikaldiaren baitan sortuko den beste emanaldi berezi bat: “La Otra konpositora madrildarrak zer edozer berezia eskainiko du herriko Plazan Emakumeen Etxeko kantu taldearekin. Izan ere, profesionalak izan gabe, sorkuntza horiei bide ematea guretzat garrantzitsua da”.
Itsas elkarrizketen filosofiarekin lotuta, Herri Arte Eskolak Asturiasko lau artistarekin batera sortutako Asturiar konexioari ere aipamena Paradak, “martxoan egindako elkartrukearen emaitza taularatuko dute. Bi lurraldetako kantuz eta dantzaz osatutako emanaldia eskainiko dute Herri Arte Eskolako 50 ikasle eta irakasle baino gehiagok, Pola de Sieroko Laura Ruiz (ahotsa, panderoa eta dantza), Guille Perez (gaita), Nel Sanchez (akordeoi diatonikoa) eta Arsenio Ruiz (danborra) artistekin batera”. Honakoak halako esperientzia egiten duen laugarrena izango du Herri Arte Eskolak.
EMKEren Musika Banda ere ezin ahaztu. Atlantikaldiaren barruan urteroko hitzordua mantenduko du eta Celtic Tides ikuskizuna emango du 21ean, larunbatarekin, 13:00etan Herriko Plazan.
Musikaz harago, eskaintza zabala
Musika emanaldiez gain bestelakoek ere badute leku Atlantikaldian. Hala, poesiak, gastronomiak, haur nahiz helduentzako tailerrak, kirolak, bisita gidatuak, bertsolaritzak, eta dantzak osatuko dute egitarau luze zabala lau egunez. Horien artetik bi ekarri ditu erdigunera Paradak: “Atlantikaldia Dantzan da horietako bat. Errenteria-Oreretako ikastetxe guztietako LH4ko haurrek jaialdirako espresuki sortutako dantza pieza eskainiko dute Gernika Plazan Atlantikaldia Dantzan goiburuarekin. Dantza Olatz de los Santos errenteriarrak sortu du dantza eta munduko kultura ezberdinetako dantza zati txikiak hartu eta koreografia osatu du”.
Nabarmen jarri duen bigarrena Begiradak Proiektua izan da, “Idoia Lizeaga artista errenteriarra izango da protagonista Marion Lemmen artista holanndarrarekin batera. Ostiral arratsaldean lore instalazioaren sorkuntza prozesua ikusi ahal izango da Erdiko Kalean”.
Izen emateak, zabalik
Kultura zinegotziak ere hartu du hitza gaurko agerraldian eta musika eta bestelako arte eszenikoekin gozatzeko aukera paregabea izatearekin batera, Atlantikaldia herria bera eta ondarea ezagutzeko abagune aparta dela azaldu du: “Horretarako bisita gidatuak izango dira lau egunetan ondarearekin batera, gure herriko emakume iraultzaileek egindako ekarpena ere ezagutzeko”. herrialde ezberdinetako sukaldaritzan barrena bidaia proposatzen duen Sukaldian ekintzari ere begirada berezia gaurko agerraldian Gartziak, “arrakasta handia du. Aurten, Galizia, Pakistan, Turkia, Venezuela, Ukrania, Ijito herria, eta Marokoko gastronomiara hurbiltzeko aukera eskainiko du ekintzak herriko elkarte gastronomikoekin elkarlanean”.
Kozinatu bitartean sortzen diren harremanak erdi erdian jarri ditu Gartziak, “oso harreman politak sortzen dira, eta hortik ateratzen den janaria Herrixkara eraman, euro batean saldu eta ateratako dirua Zaporeak elkarteari ematen zaio”.
Hori tailerretako bat baino ez da, baina hamaika daude, eta horietan izena emateko galdetegia bete beharra dago. Egin klik hemen.
Eguraldi ona eskatu dute guztiek hilaren 19tik 22ra izango den Atlantikaldiaz bete-betean gozatu ahal izateko. Euriarekin ez, baina beste modu batera bustitzeko eskatu eta egin dute. Atlantikaldiaren barruko egitarau zabal horren artetik jarduera bat aukeratzeko eskatuta busti dira.
Maite Gartzia Kultura zinegotziak Sukaldian jarduera aukeratu du. “Asko gustatzen zait herri honen aniztasuna primeran islatzen duela iruditzen zait, elkar ezagutzeko modu ederra eta garrantzitsua da beste kulturak ezagutu eta denak denekin integratzeko. Izen ematea zabalduta berehala betetzen dira plazak, hori ere bada adierazgarria”. Igandean 13:30ean izango da Sukaldian nazioarteko pintxo dastaketa Herrixkan.
Esti Parada Atlantikaldiaren komunikazio arduradunak ere egin du bere hautua: “La Otra konpositore madrildarra eta Emakumeen Etxeko kantu taldeak elkarrekin ariko dira azken emaitza oholtzara eramateko. uste dut berezia bezain polita den zerbait sortuko dutela”. Herriko Plazak hartuko du emanaldi hori larunbatean, 19:00etan.
Jaialdiak duen nortasun ezaugarrietako bat Itsas Elkarrizketak dira Aizpea Otaegi alkatearentzat, “hemen bakarrik eta Atlantikaldiaren testuinguruan gertatzen diren sorkuntzak izateaz aparte nik beti bizi izan ditut momentu magiko gisa. Oso momentu bereziak dira”. ez du jarduera bakarra aukeratu Otaegik, musika jaialdia izateaz gain kultur topaketa ere badela Atlantikaldia esanda, sorkuntzaren bueltan suertatzen diren itsas elkarrizketa horiek bezain beste baloratu ditu herritarren artean gertatzen diren itsas elkarrizketak: “Musika edo beste ekitaldien programazioaz eduki dezaketen erakarmenetik harago, jendea gonbidatuko nuke ere itsu-itsuan etortzera, jaialdiak eramaten zaituelako, eskaintza oso zabala da, eguna, goiza edo arratsaldea pasatzeko mila modu eskaintzen ditu eta itsu-itsuan etorrita ere gauza ederra da Atlantikaldiaz gozatzea”.