«Beti saiatu naiz euskal musika bere tokian jartzen»
Abeslari errenteriarrak mende erdi darama operaren munduan, agertoki ospetsuenak koloreztatu ditu bere ahots ederrarekin. Proiektu berrietan murgiltzeko gogoz jarraitzen du.
Zazpi urterekin hasi zen kantuan, eta ordutik, hori izan da bere bizimodua. Jose Luis Ansorenarekin eta Andra Mari abesbatzarekin ikasitako hura mundu osora eraman du Arruabarrenak. Musikeneren sorreratik hango irakasle da; belaunaldi berriei ikasitakoa irakastea «pribilegioa» dela aitortu du.
Ibilbide luze eta oparo bati ginga jarri zenion iaz, oholtzetatik grabaketa estudiora egin zenuen salto. Lied koadernoa diskoa atera zenuen Joserra Senperena musikagilearekin. Zer moduz joan da erronka berri hori?
Erronka berri bat izan da biontzat. Berak ez zuen inoiz horrelako musikarik konposatu. Abeslari klasiko batentzat ez zuen sekula idatzi. Berea ez da guztiz estilo klasikoa, hortaz, berria zen niretzako ere bai. Estilo aldetik aldaketa izan da. «Eta zergatik ez?», esan nuen. Oso-oso gustura aritu ginen. Gaur egun gauza berriak probatzeko prest nago, eta egitasmo horrekin ikusi nuen agian momentua zela gauza berriak probatzeko. Agian momentu honetan interesgarria izan daitekeelako nire ahotserako. Gero, noski, euskal poeten testuekin egina izateak ere niretzat pisu handia izan zuen, beti saiatu naizelako euskal musika bere tokian jartzen. Eta disko honetan parte hartzea aukera paregabea zen horretarako.
Opera berriro euskaraz egiteko gogoz zinen, beraz.
Bai. Opera oso gutxi dago euskaraz, ia kasik ez dago. Oso zaila da baten batekin topatzea. Gutxiren bat egin dut nire ibilbidean. Abestiak bai, nire emanaldietan beti sartu izan ditut euskarazko abestiak. Orain horretan nabil eta gustatuko litzaidake gure euskal musika eta abestiak eskaintzen jarraitzea.
Arantzatxo hori kendu duzu diskoarekin?
Hori beti izan dut. Ahal izan dudan guztietan euskaraz egin dut. Eta ez bazen programan euskarazko ezer agertzen, Aita Donostia, Jesus Guridi edo gure konpositoreen zerbait abesten saiatu naiz beti. Altxor bat dugu, eta hori mantentzeko eskaintzen jarraitu behar dugu. Ezin dugu ahaztu.
Azken finean, euskal kulturari aitorpena egin diozue.
Bai, zalantzarik gabe. Kasu honetan, eta beti esaten dut zortea izan dudala, konpositorea aldamenean izan dudalako. Besteetan ia beti gurekin ez dagoen musikagile baten musika abesten dugu. Beti zure ukitua emateko aukera dago, baina beldurrez ibiltzen gara. Joserrarekin [Senperena] kontrakoa izan da. Abestiak nireganatu ditut, eta interpretazioa eman diet. Aitortu eta eskertu behar dut Joserrak oso aske utzi nauela. Diskoa entzuten duenak esango baitu: «Hau Maite da».
Oso-oso gazte hasi zenuen ibilbidea musikaren munduan. Nola egin zenuen topo operarekin?
Hala da, bai. 7 urterekin hasi nintzen kantuan. Orereta Abesbatzan hasi nintzen, baina aurretik dator dena. Betidanik kantatu dut. Nire aitak asko maite zuen musika, oso barneratuta zuen. Beti esaten zuen, txiki-txikia nintzela, bere eskutik kantari joaten nintzela. Hori beti dut gogoan. Ziur aski odolean daramat, aitaren partetik. Musika gehiegi jakin gabe, denek abesten zuten familian. Agian garai batean Euskal Herrian hori gertatzen zen, bazkari edo afari baten ondoren mundu guztiak abesten bukatzen zuen, ohitura handia zegoen. Hori galdu da ziur aski, tamalez.
Maiz aipatu duzu Jose Luis Ansorena pertsona garrantzitsua izan zela zure ibilbidean. Harekin hasi zinen, ezta?
Bera izan zen lehen proba egin zidana. Ikastolara etorri zen abesbatza bat sortzeko asmotan. Proba horietara aurkeztu nintzen. Hasiera-hasieratik zerbait ikusi zuen nigan. Oso lotsati eta isila izan naiz beti, eta kantuan piztu egiten nintzen. Berak agian hori ikusi zuen. Berehala bakarlari bezala hasteko aukera eman zidan. Ansorenak eta Andra Marik asko eman didate. Errenteriako abesbatzan jaioa naiz, eta nire lehenengo maisua Ansorena izan zen, beti errepikatzen dut hori. Hark ez zidan teknika bokala irakatsi, baina gauza asko ikasi nituen berarekin. Musikari handia zen, instintu handikoa. Nigan izugarrizko influentzia izan zuen. 15 urterekin Andra Marin sartu nintzen, eta garai hartan ahots ikaragarriak zeuden. Hori izan zen, eta hori da eskolarik onena. Oso ongi abesten dutenak entzutea, alegia.
Eta ez dut sekula ahaztuko nire lehen kontzertua, 7-8 urte izango nituen. Donostiako udaletxean izan zen. Gogoan dut zeinen urduri nengoen, baina aldi berean zer nolako poza sentitu nuen. Eta hortik aurrera gaurdaino, ez diot abesteari utzi, kantua izan da nire bizitza.
Ordutik, txiki-txikitatik, abeslari izan nahi zenuela argi zenuen?
Ez. Argi nuen kantua gustuko nuela, zerbait esateko banuela. Baina oso ezberdina izan da pentsatzea hori izango zela nire etorkizuneko bizimodua. Aukeratzea izugarri kostatu zitzaidan. Unibertsitatean karrera bat egin nuen [psikologia]. Besteei laguntzeko zerbait ikasi nahi nuen. Baina egia da nire aldamenean guztiek esaten zidatela kantua egin behar nuela, eta nik ezetz eta ezetz. Baina azkenean… Unibertsitateko ikasketak egin bitartean kantua ikasten jarraitu nuen. Ikasketak bukatu ondoren aldundiak diru laguntza bat eman zidan, eta Italiara joan nintzen, tradizio handiko herrialdea baita. Eta esan nuen: «Hark berdina pentsatzen badu, agian serio hartu beharko nuke hau». Nik, nahi, nahi nuen; baina beti zalantza hori nuen. Han, Italian, entzun eta berehala esan zidaten lehiaketa batera aurkeztu behar nintzela. Aurkeztu eta irabazi egin nuen, 24 urterekin. Aurretik La Capella Reial de Catalunya taldearekin aritu nintzen, baina nire benetako erronka opera abestea zen, hori zen plazer gehien ematen zidana.
Andra Marin soprano bezala aritu zinen. Noiz eta nola etorri zen mezzosoprano izateko aldaketa hori?
Gaztetan zonalde agudotan oso erraz ibiltzen nintzen, argi eta garbi soprano nintzen, goian aritzeko erraztasun asko nituen. Egia da adinarekin poliki-poliki sumatzen hasi nintzela ezin nuela hain erraz ibili goian. Italiara soprano bezala joan nintzen. Harrituta geratu ziren nire ahots zailtasun horrekin. Orduan, beheraka eta beheraka hasi ginen, eta primeran nindoan. Orduan esan zidaten: «Ez ote zara mezzosoprano izango?». Hona itzuli nintzenean askok esaten zidaten irakasle hura nahastuta zegoela. Eta denborak arrazoia eman dit. Mezzosoprano bezala nire karreratxoa egin dut, soprano bezala ez nukeena egingo inolaz ere.
Ahotsa da zure lanabesa. Nola landu behar da mezzosoprano baten ahotsa?
Ez naiz inoiz maniatikoa izan. Badaude batzuk ahotsa asko zaintzen dutenak, baina denetik dago. Zaintzeko modu onena entrenatuta egotea da, diziplinatxo bat izatea. Azken finean abeslariok kirolariak gara, berdin-berdin da. Ahotsa entrenatuta egon behar da, eta entrenatzeari uzten badiozu galdu egiten da. Konstantzia bat behar da. Eta gero, noski, forman egon behar dugu. Aire egokituarekin eta kearekin erne egon behar dugu, baina badira erretzaileak diren abeslari oso onak, adibidez. Neurri batzuk hartu behar dira orokorrean, baina egia da gero oso arlo pertsonala dela.
Urteen poderioz, gainera, ahotsa aldatzen doa. Horretara ere moldatzen ikasi behar duzue.
Zoritxarrez horrela da. Gauza guztiekin bezala, zahartzeak ez dizu gauza polit handirik ekartzen. Ahotsa ere zahartu egiten da. Hori errealitate bat da, eta horrekin funtzionatu behar dugu. Zoritxarrez, ez dut duela 20 urte bezala kantatzen, ziur nago okerrago egiten dudala. Orduan, dauden zailtasun horietara egokitzen jakin behar duzu. Ezin baduzu gauza bat egin, beste batekin saiatu, beste modu batera. Errepertorioa aukeratzeko garaian era adi ibili behar dugu, eta jakitun izan zeintzuk diren zure mugak.
Sorreratik Musikeneko irakasle izan zara. Zer ematen dizu fazeta horrek?
Beti diot Musikeneko irakasle izatea pribilegioa dela, izugarri handia. 23 urte daramazkit, erraz esaten da. Lehen egunetik han nago, lehen irakaslea izan nintzen. Urte hauetan guztietan ikasleekin ikasi dudana ikaragarria izan da, hor bai ikasi dudala. Pribilegio bat da, kantua gustatzen baldin bazaizu, abeslari gaztetxoen artean ibiltzea izugarria da. Gaztetxo bat hartzea, laguntzen saiatzea, elkarrekin ibilbide bat egitea… Kasu dezentetan, gainera, gaztetxo hauek abeslari profesional bilakatu direla ikustea izugarria da. Batzuk profesional eta izeneko abeslari bilakatu dira. Esan dezaket baditudala ikasle ohiak oso-oso ederki dabiltzanak operaren munduan. Hori plazer hutsa da.
Hortaz, harrobia badago Euskal Herrian.
Baietz esango nuke. Musikene sortu zenetik nik diferentzia hori sumatu dut, gero eta euskaldun gehiago ditugu. Gaur egun gehienak euskaldunak dira, eta hasieran ez zen horrela. Jendea animatzen ari da, eta kantuaz edo musikaz bizi daitezkeela ikusten ari dira. Uste dut horretaz konbentzitu garela, kostata, baina hala dela. Pausoak eman dira hamarkada hauetan. Musikene beti izan da prestigio handiko zentro bat, erreferentea, eta urteekin hori berretsi da. Gure herrian horrelako zentro bat edukitzea ikaragarria da. Lehen kanpora joan behar izaten genuen karrera profesional bat egiteko, derrigor. Nik hala egin nuen. Ez genuen aukera handirik, halabeharrez kanpora joaten ginen. Ez bazinen kanpora joaten bazirudien ez zinela oraindik inor. Eta uste dut gaur egun hori aldatu egin dela, zorionez. Pozgarria da hori ikustea.
Zenbat ordu eskaintzen dizkiozu musikari egunean?
Gaur egun ez hainbeste, abesten dut baina ez garai batean bezala. Adin bat dut, poliki-poliki karreraren bukaerara iristen ari naiz. Eta gainera, nahiko nuke eleganteki joan, ez baita erraza jakitea noiz den bukatzeko momentua. Aldamenekoei esaten diet: «Zuek esan mesedez noiz den momentu hori». Batzuetan ez ditugulako ikusi nahi gure akatsak. Dena den, badut proiektu berriren bat esku artean. Orain, klaseetan abesten dut bereziki, ezin dut ekidin. Adibide bat jartzeko abestu egiten diet ikasleei. Eta kantuan ez bada, errepertorioak prestatzen, musika berria entzuten… Egunean ez dakit zenbat ordu pasako ditudan, asko eta asko. Musikari lotutako ordu asko dira, gehienak. Nire bizitzako zutoin bat izaten jarraitzen du musikak, nire bizia da. Betetzen nauen zerbait, izugarri gainera.