Jantzi berriarekin arnasgune izaten jarraitzen du
Egoitza berria inauguratuko du bihar Xenpelar AEK-k, eta hiru hamarkada luzez habi izan duen Biteri 30ekoa agurtu. Herri bazkaria ere antolatu dute.
Atea ixtearekin batera, hamarka eta hamarka bizipen, istorio eder, eta makina izerdi gordeko ditu betirako, urte luzez Xenpelar AEKren habia izan den Biteri 30eko lehenengo solairuak. Zenbat erlatibo eta baldintza ez ote diren iltzatuta gelditu betiko pareta horietan, ikasturtez ikasturte, leial astean lautan, egunean bi orduz hutsik egin gabe bertaratu diren ikasle konprometituen grina eta ilusioarekin batera. Hoberako da aldaketa, zalantzarik ez da, ikasturte honetatik Xenpelar AEK-k egoitza berria izango duelako.
Gau Eskolen txinpartatik piztu zen Xenpelar AEK 1985ean, irakasle eta ikasle mugimendu sendo batek hauspotuta. Onbiden bi ikasturte, beste bi Madalen kalean, eta 1989-1990 ikasturtetik Biteri kaleko 30 zenbakiko lehenengo pisuan hiru hamarkadatik gora egin ditu. Orain Nafarroa etorbidean pausatu du hegaldia, euskaldun oso izan nahi duten horien guztien ametsa egi bihurtzen jarraitzeko. Jantzi berria bai, baina horren azpikoak berdin-berdin izaten jarraituko du, argi dio hori Amaia Arruti Xenpelar AEK-ko arduradunak. «Hastapenetatik gauza ugari aldatu dira, bestelakoak dira ikasle eta irakasleon baldintzak baina esentzian, Euskal Herria euskalduntzeko sinismen eta asmo irmoa bizirik mantentzen dugu, baita AEK-ko irakasleok herrigintzan aritzeko nahia ere».
Zalantzarik ez du Xenpelar AEKren arduradunak: «Gure zigilua da hori, ez dugu galdu, gure lana eskola soilak ematetik harago doa. Argi dugu herrian eragiten jarraitu behar dugula, euskara sustatzen segi behar dugula, eta horretan saiatzen gara gaur egun ere egiten dugun lanaren bidez».
Egoitza berrian hastearekin batera aldaketa nabaritu dutela aitortu du Arrutik: «Matrikulazio garaian soilik, asko sumatu da. Iaz, data hauetan genituenak baino 40 ikasle gehiago ditugu izena emanda dagoeneko. Asko nabaritzen da kalean egotea, eta ez lehenengo pisu batean, berria izatea… Ikasleentzat baldintzak bestelakoak dira, denak sartzen gara egoitza berrian, lehen gela desplazatu asko genituen. Zalantzarik gabe egoerak hobera egin du guztiontzat egoitza berriarekin»
Merezi moduan agurtu
Euskararen arnasgune eta euskaldun berrientzako topaleku urte luze-luzez izandakoari merezitako agurra egingo diote. Bihar izango da hori. Biteri kaleko 30. zenbakiaren aurrean oholtza txikia jarri eta Xenpelar AEKren sorreraren zein ibilbidearen parte izan diren irakasle, ikasle, eragile zein norbanakoak bildu nahi dituzte. «Saiatu gara denak abisatzen, baina ezinezkoa da, hainbeste izan dira». Nahi dutenek, gainera, Xenpelar AEKren egoitza hiru hamarkadaz izan dena bisitatzeko aukera izango dute, goxo agurtzeko. Handik egoitza berrira, bertan izango dituzte zizka-mizkak eta egoitza berria ezagutzeko aukera. Azkenik, mahaiaren bueltan nostalgikoenek atzera begira jartzeko aukera izango dute Xenpelar AEK-k Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastoki estalian antolatu duen herri bazkarian. Txartelak 20 euroan daude salgai, Xenpelar AEK-n bertan edo Arkaitza tabernan. 150 lagun biltzea espero dute. Bazkaria girotzeko kantaldia ere izango da Joxe Leon Amigorena, Ane Badiola eta Irati Odriozolarekin.
Gaur-gaurkoz 16 urtetik hasi eta 82 urtera arteko 340 ikasle ari dira AEKren Oreretako euskaltegian, «euskara ikasten, eta euskaldunon mundu ikuskera bere egiten», azaldu du Arrutik. Oarsoaldeko AEKren lau euskaltegietan berriz, 28 irakasle aritu ziren iaz. Onbiden, Madalen kalean, Biteri 30ean, edota Nafarroa hiribidearen 67an, euskaraz bizi, euskaraz izan, euskaldun oso bihurtu nahi duten norbanako konprometitu horien lubaki izaten jarraituko du Xenpelar AEK-k