Lezok 'Sardina bat...' abestu du
Egun handia gaurkoa Lezon. Goiza bete-bete joan da, eguraldi aproposarekin. Eguerdian herritarren urakana iritsi da.
Herrietako festak ezustez beteta izaten dira. Ongi dago egitarau ofizialari so egin, eta zer-non den jakitea. Baina agian, egitarau horren hizki txikiek, edo besterik gabe, agiri horretan idatzita ez daudenek sorpresak eman ditzakete. Inprobisatzeko joera, beharra edo batzuetan dohaina ere izan behar da, abilidadia deituko lioke horri baten batek. Horren seinale, gaurko I-14ko herri bazkari erraldoiaren hasieran gertatu dena: Mikel Arruti alkateak, aginte makila zokoan utzi, eta Iker DJaren musika ekipoak bermatzen dituen milaka dezibelioak baliatu ditu agian txikitako amets zuena egi bihurtzeko: Sardina bat, bi sardina… kantuari ekin dio gaur alkate baino, Arruti herritar soil zenak, bazkarian zeudenek jarraitzeko; erantzuna, erabatekoa. Aho batez erantzun diote speaker inprobisatuari Lezo Herri Eskolako jolastoki estalian bildu direnek — 800dik gora kide izan dira bazkarian; beste 200 bat bildu dira erretiratuenean— kantuaren esaldi bakoitzari, esatariaren durundi urakanatu bihurtzeraino esaldi berbera. Iruñeko sanferminetan horri momentiko deituko liokete. Entonazio aldetik, ordea, bazen zer hobetu; lasai, Tomas Garbizu Musika Eskola dute herritarrek eskura, entonazioa, erritmoa eta musikaltasuna lantzeko. Urtean behin, festetarako soilik bada ere, ongi etorriko zaie musika eskolatik osteratxoa egitea zenbait lezoarri.
Santakrutz Eguna gaur. I-14. Atzoko txupinazo eta danborraden ondoren, Munttarreko txistulariak arduratu dira festen bigarren eguna abiatu dela jakinarazteaz, ez oso goiz (10:00etan) hasi den dianarekin. Ondoren haur jolasak, herri kirolak, Lezoko eta Txantreako erraldoi eta buruhandien kalebuelta, kuadrillen arteko probak, eta Lezoko Dantzazaleen XIII. Muxiko Eguna izan dira. Eguraldia jator; freskotxo goizean, epel eguerdian. Perfekto. Bazkaldu aurretik Gurutze Santuaren plazan bildu dira herri bazkarirako txartela lortua zutenak; baita tiketik ez zutenak ere. Izan ere, sold out izan da aurtengo I-14ko otordua, larunbatarekin tokatuta, berehalakoan saldu zirelako txartel horiek. Jendea kanpoan gelditu da; lasai, herriko jatetxeak pozik. Plazan argazki erraldoia atera, eta ziztu bizian joan dira ehunka mahaikideak jantoki kolosalera. Behin eseri, eta alkatearen agur serio eta ofiziala espero zenean, zer eta Sardina bat, bi sardina… abestea tokatu (behean bideoa). Ez du inork protesta egin. Mozioa onartu egin dute lezoarrek, kontrako botorik gabe.
Arratsalderako emozio gehiago espero dira, baita biharko eta etzirako ere. Horien lagina behean ikus daitekeen zerrendan. Hori egitarau ofiziala da. Artikulu honetako hizki zaparradaren hasieran esan bezala, agian, jaiei izaera ematen dieten unetxo edo momentikoak hutsetik sortzen diren horiek dira, oharkabean, eta batzuetan, aurrez espero gabe. Gora Lezo!
Gaur, larunbata
- 17:00. Denentzako puzgarriak eta Xaibor taldearen kontzertua Goiko plazan.
- 17:30. Josetxo Etxandi XLVIII. Oroitaldiko federatuen finalak Koldobike Gezala pilotalekuan.
- 18:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira Munttarreko txistulariekin.
- 18:00. Lezo Herri Eskolatik abiatuta, kalejira Jaixkipe txarangarekin.
- 19:00. Anersote DJa Gurutze Santuaren plazan.
- 20:30 Lehian erromeria taldea Karlos Saldise plazan.
- 22:00. Zezensuzkoa Gurutze Santuaren plazan.
- 22:45. Kilometro Lezoren barruko dantza bertikal saioa, Santokristo elizaren paretan, Harrobi taldearekin: Geure(R)a.
- 23:30. Kaparrak taldea Karlos Saldise plazan.
- 01:00. DJ Fifi ta Fefa Karlos Saldise plazan.
Bihar, igandea
- 10:00. Diana eskualdeko dultzaineroekin.
- 11:00. Meza Nagusia.
- 12:00. Lopenetik, inude eta artzainen desfilea.
- 17:00. Karlos Saldise plazan, ur puzgarriak, jolasak eta errugbi entrenamendua.
- 17:00. Pin pon txapelketa Gurutze Santuaren plazan.
- 17:00. Josetxo Etxandi XLVIII. Oroitaldeko herri mailako pilota txapelketaren finalak, Kol,dobide Gezala pilotalekuan.
- 18:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira Munttarreko txistulariekin.
- 20:30. Kilometro Lezoren barruan, Tio Teronen Semeak dantza taldearen Haurreskolari ikuskizuna Goiko Plazan.