"Nazkatuta gaude behin eta berriro hiltzen gaituzuelako"
Aste honetan Bilbon izan den hilketa matxistari erantzuna eman diote Oiartzunen eta Errenteria-Oreretan.
“Nazkatuta gaude. Haserre gaude. Nahikoa da! Nazkatuta gaude behin eta berriro hiltzen gaituzuelako, beste behin kaleak hartu behar ditugulako mintzen, bortxatzen, hiltzen gaituztelako; sistema honek zapaldu eta hiltzen gaituelako”. Atzo, ostiralarekin, kalera atera ziren herritarrak beste behin emakume bat hil dutelako Euskal Herrian. Asteazken gauean gizon batek 31 urteko emakume bat hil zuen Bilbon, “ilundu zen Bilbo, ilundu zen Euskal Herria”, esan zuten atzoko elkarretaratzean Oiartzungo Feministen Asanbladako kideek. Orsoaldean, bai Oiartzunen, Antxon zein Errenteria-Oreretan egin zituzten elkarretaratzeak. Bietan babes osoa adierazi zieten hildakoaren senide, lagun eta gertukoei. “Ez zaudete bakarrik”, esan zieten.
Oiartzunen zehaztu zuten Bilbokoa indarkeria matxistak aurten jada lau euskal herritar hil dituela, “sistema honen atzaparren eragin gordinena jasan dute”. Maiatzean 33 urteko emakume baten gorpua agertu zen Donibane Lohizuneko (Lapurdi) hotel batean; bi aste lehenago emakume bera artatu behar izan zuten hotel batean, ustez leihotik erori zelako. Ekainetik Laura Zacchello urruñarra (Lapurdi) desagertuta dago; haren senarra —polizia ohia— atxilotuta dago ustezko hilketagatik, bortizkeriako aurrekariak baititu gizonak. Uztailean, Eneritz Argintxoa Fraile bizkaitarra erail zuten bi gizonek Costa Rican, boluntario lanetan zebilela. “Eta atzo Yaneli Gonzales hil zuen bere bikotekideak”.
Egitura arazoa, eta indarkeria matxistaren askotariko aurpegiak. Horiek nabarmendu zituzten atzoko elkarretaratzean Oiartzungo Feministen Asanbladako kideek. “Urteak daramatzagu esanez sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazistak eta kolonialak egituraz sostengatzen duela indarkeria matxista, eta horren azken ondorio lazgarri eta ikusgarriena erailketa dela. Baina, guk badakigu indarkeria matxistak hamaika aurpegi dituela eta emakumeok* bizitzako alor guztietan jasaten dugula indarkeria hori”. Indarkeria matxistari aurre egiteko bidea garbi dute: lehen mailako arazo politiko bilakatzea, egungo jarrera konplizeak alboratu eta jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko “benetako” neurriak hartzea, “gure bizitzak daude jokoan”.
Gizartea errotik aldatzeko bidea, feminismoarena dela aldarrikatu dute, eta horretarako autodefentsarako eta elkartzeko deia egin dute. Erasoen aurreko erantzun dinamikak beharrezko direla azaldu dute: “Feministok erantzuteko prest gaude. Sistema hori irauli arte borrokan jarraituko dugu, kaleak hartzen jarraituko dugu, feminismoak sistema patriarkala suntsitu arte. Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte”.