100 urte, mila bizipen, eta merezitako aitortza
Gaur 100 urte, 1924ko irailaren 14an lehen Kontxa irabazi zuen San Juanek. Mendea bete duen garaipena ospatzen ari dira.
Gaur beteko dira 100 urte lehen Kontxako Bandera Donibanera iritsi zenetik. 1924ko irailaren 14an irabazi zuten sanjuandarrek lehen Kontxa. Orduko garaipen hura gogoratu eta mendeurrena behar bezala ospatzeko, egun osoko festa antolatu du Matxet Kultur Elkarteak. Izan ere, traineru horren lemazain Francisco Laboa Matxet izan zen.
Eguneko lehen ekitaldia itsasoan izan da, nola bestela. Sanjuandarren gizonen traineruak azken Kontxako Bandera 1999an irabazi zuten, eta orduko Erreka-ren eskifaia osatu zutenak elkartu, eta ohorezko bidea egin dute Donibanetik zehar traineruan (haiekin, duela hamar urte Kontxa irabazi zuten Batelerak Juanba Berasategiko ikuskizunean izango dira). Ondoren erakunde ekitaldia izan da, udaletxean. Han, 1924ko hartan Donibanera loria ekarri zuten arraunlarien senideei harrera egin die Pasaiako Udalak; 25 bat senide izan dira Arizabalon, ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako kideek harrera egin diete. Hautetsien izenean Aintzane Taberna Ezkurra Pasaiako Udaleko lehen alkateorde, eta Donibaneko zinegotziak hitz egin du. “Lorpen hori, gaur ospatzen duguna, ez zen soilik kirol-garaipena izan, baizik eta benetako mugarria gure historian. Pasaian arrauna ez da soilik kirola, gure kulturan eta nortasunean sakonki errotutako tradizioa da”, nabarmendu du Tabernak. Pasaiak lotura estua du itsasoarekin, ukaezina da hori. Udalerriko traineruak, 1924ko hura tartean, pasadizo, lorpen eta istorio askoren jatorri izan dira, “pasaitarron eta itsasoaren arteko harreman historikoaren lekuko biziak”.
Aitortzarako eguna antolatu dutenei esker mezua helarazi die zinegotzi sanjuandarrak. Batetik, ospakizunak sanjuandarren historiaren zati bat jendartera ekarri duelako; bestetik, komunitate gisa loturak indartzearen ideian azpimarra jarri du, “etorkizuneko belaunaldiei gogorarazteko gure nortasuna, kultura eta ondarea egunez egun eraikitzen direla, esfortzuz, pasioz, eta batez ere gure sustraiekiko maitasun sakonez”.
Senideek udaleko kideen partetik arrosa koloreko arrosa, eta pergamino moduko oroigarriak jaso dituzte. Erakunde ekitaldia bukatzeko Batelerek Zortzikoa dantzatuz egin diete oles han izan direnei, udaletxearen atarian. Egun handia gaur Donibanen, duela 100 urteko balentria oroitarazteko, eta egungo arraunlariek Bermeon eta Portugaleten asteburuan dituzten estropadei esker.
Sanjuandarren lehen Kontxa ospatzeko egunaren barruan badaude ekitaldi gehiago. Beheko zerrendan ikus daiteke egitaraua. Albiste honekin batera doazen irudiak Pasaiako Udalak HITZAri emandakoak dira. Astelehenean egingo du hedabide honek egunaren gaineko irudi eta hitz bidezko kronika.
- 12:00. Matxet handia 1924-2024 ekitaldi musikatua egingo dute (euskaraz) Juanba Berasategi aretoan. 5 euro ordaindu beharko dira.
- 13:30. El Gran Matxet 1924-2024 ekitaldi musikatua (gaztelaniaz) Juanba Berasategi aretoan. 5 euro ordaindu beharko dira.
- 14:30. Herri bazkaria Bizkaia plazan.
- 17:00. Danborrada.
- 18:00. Dantzaldia Mikel, Luisma eta Pakorekin Bizkaia plazan.