San Juan, gora!
Ohorez lortu dute arrosek 2025ean Eusko Label Ligan izateko eskubidea, play-offaren bigarren estropada irabazita. San Pedrok maila galdu du.
Atzo Bermeon egindako lana ederki asko errematatu du gaur San Juanek. Eusko Label Ligako kanporaketaren bigarren jardunaldia irabazi, eta 2025ean gizonezkoen traineru liga onenean aritzeko eskubidea bere egin du. 2018an galdutako hura berreskuratu dute. San Pedrok, ordea, gaurkoan ere laugarren postua eskuratu, eta maila galdu du. Atzo Bermeon egindako lanak pisu handia izan du gaurkoan, arrosen alde, eta moreen kontra. Portugaleten izan diren zale arrosek sekulako betekada jaso dute, emozioa bor-bor, garaipenaren loria gorputzean.
Gaurko Portugaletekoak ez du ezusteko handirik izan. San Juan hasieratik erlojupekoaren buru, Ares beti bigarren, eta hirugarren-laugarren izateko borrokan San Pedro eta Santurtzi; azkenean, Pasaiako moreak laugarren. Chapela, atzo bezala, bosgarren eta azken.
Orain ospakizun aroa zabalduko dute Donibanen. Dolu egunak izango dira, ordea, San Pedron. Play-offaren emaitza, Pasaiaren ikuspegi orokorretik, esan daiteke balekoa dela, alde batetik galdu dena bestetik irabazi delako. Baina hala ere, herria arraunaren erreferentzia historiko den heinean, aukera paregabea zen bi traineru handienen artean izateko, herriak merezi eta behar duen tokian izateko, bertan egiten den lanak —klub guztiena— sekulakoa baita. Eredugarria.
Arratsaldean egingo diete harrera San Juango arraunlariei Donibanen. Bertako irudi eta bideoak, bihar goizean HITZAn. Zorionak, San Juan!; eutsi goiari, San Pedro.
Jarraian, gaur Ane Mendizabal kazetariak Portugaleten jasotako hainbat irudi eta bideoa.