1936ko Gerraren memoria, garaiko haurren marrazkietatik
Garaiko haurrek egindako marrazkiekin ondutako erakusketa hartuko du Xenpelar Etxeak, Pikoketa Errepublikazaleen Elkarteak antolatuta.
1936ko Gerraren memoriari ateak zabalduko dizkio Xenpelar aretoak datorren astelehenean, hilak 23. Memoria horren eramaileak, garaiko haurrek egindako marrazkiak izango dira, eta urriaren 3ra arte bisitatu ahalko dira. Pikoketa Errepublikazaleen elkartearen eskutik heldu da Errenteria-Oreretara ¡Y ademas dibujan! (Marraztu ere egiten dute!) erakusketa. Bertara bildutako marrazkiak, 1936ko kolpe faxistaren ondoren sorlekua utzi zuten 8 eta 15 urte arteko haurrek egindakoak dira; 40 marrazki denera.
“Gerraren kontrako alegatua da—azaldu dute antolatzaileek— 1936ko Gerraren memoria aitortu eta errepresio frankistaren gogortasuna oroitaraztea du helburu. Baina ez hori bakarrik, haur horiek eta babesgabe ziren herritarrak laguntzera heldutako emakume eta gizon kuakeroak omentzeko modua ere izan nahi du. Gogorarazi behar da halaber, kolpe militarraren aurreko urteetan, nabarmen zabaldu zuela gobernuak langile klaseko adingabeentzako udalekuen edo udako eskolen sistema, eta sare horrek, gerra lehertu ondoren, eremu kritikoetako haurrak ebakuazioa antolatzen lagundu zuela. Hortik datoz txikiek egindako milaka marrazki gehienak”.
Marrazki horietako hirurogei American Friends Services Committeek New Yorken 1938an argitaratutako ¡Y todavía dibujan! liburuan jasota daude. Aldous Huxley idazle eta filosofoarena da hitzaurrea.
Xenpelar Etxean urriaren 3ra arte astelehenetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara zabalik izango den erakusketak Levanteko udalekuetan ebakuatutako adin txikiko gehienen marrazkiak biltzen ditu. Horiekin batera, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean errefuxiatuak, —batez ere asturiarrak, kantabriarrak eta euskaldunak— izan ziren beste haur batzuk egindako zortzi marrazki ere bildu dituzte erakusketara.
Astelehenean inauguratuko dute erakusketa, 18:30ean eta Sihara Nuño eta Juan Manuel Uria poetekin. Vladimir Merino da erakusketaren komisarioa. Gerrako umeen semea, Moskutik gertu jaio zen 1951n, eta bost urterekin Errenteria-Oreretara etorri zen; bertan bizi izan zen 1985era arte. hala ere sarritan itzuli da, idatzitako liburuak aurkeztera, edota Pikoketa Errepublikazaleen Elkartearekin batera memoria berreskuratzeko lana egitera.