Arnelako ontzi-hondakinaren identifikazioan laguntzen aritu da Albaola
Galiziako Corme kostaldean (Costa da Morte, Coruña) azaldutako ontzi-hondarraren identifikazioan laguntzeko eskatu dio Albaolari Insua de Viastela Kultur Elkarteak.
Corme Kostaldean (Costa da Morte, Coruña, Galizia) kokatutako Arnela hondartzan azaldutako ontzi-hondarraren identifikazio lanetan laguntzen aritu da Albaola elkartea. Cormeko Insua de Viastela Kultur elkarteak laguntza eskatu zion Itsas Kultur Faktoriari aurkitutako antzinako ontzi-hondakin horrekin egin beharreko kontserbazio ekintzen gainean, baita haren identifikazioa egin eta aztertzeko. Udalerri horrek, lotura estua du Pasaiarekin, hala azaldu dute Albaolatik, “Pasaitar askok dute bertako jatorria”.
Aurkitutakoak, Nuestra Señora de los Placeres fragataren hondakinak izan daitezkeela uste du Albaolak, “garrantzi historiko handiko ontzia da eta 1793ko abenduaren 8an hondoratu zen Galiziako Corme portuaren aurrean. Itsasontzia Pasaiatik Cadizerko zeharkaldia egiten ari zen, Filipinetara eramango zuen bidaia luzeari ekin aurretik karga osatzeko”.
Datu gehiago ere eman ditu ontzi horren inguruan Albaolak. Hala, 600 tona inguruko merkantzia ontzia zela, 129 oin luze eta 36 oin zabalekoa, azaldu du. Hogei kainoi eta 100 eta 140 marinel artean izan zitzakeen. Fragata Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiak eraikia, Filipinetako Errege Konpainiako izatera igaro zen ondoren, Europa, Amerika eta Asia arteko merkantzia garraioan hasi zen unean.
Arnelako aurkikuntzan “erabakigarria” izan dela Insua de Viastela Kultur Elkartea nabarmen jarri du Albaolak, “elkarte hori sorreratik aritua da bere eskualdeko kultur ondarearen sustapenean, kontserbazioan eta zabalkundean aktiboki lanean. Arnelakoa, inguru horretako aurkikuntza arkeologiko garrantzitsua da”. Pasaiako Itsas Kultur Faktoriari ikerkuntzan eta historia zein ondare intereseko ontzien eraikuntzan duen esperientziagatik eskatu zioten laguntza.
Pasa den astean, hilaren 19an zehazki, marea biziak aprobetxatuz bisitatu zituzten ontzi-hondakinak adituek, “aztarnak ahalik eta baldintza onenetan aztertzeko”.
Insua de Viastelak Kultur Elkarteak esker ona adierazi dio albaolari, “laguntza ordainezin eta baliotsu honengatik”, eta Pasaiako Itsas Kultur Faktoriak, berriz, itsas eta kultur ondarea aztertu, zaindu eta gizarteratzeko duen konpromisoa berretsi du parte harztearekin, “nazioarteko garrantzia duten proiektuekin aktiboki lankidetzan arituz, eta kultura eta itsas ondarearen eta ontzi historikoen eraikuntzaren arloan duen esperientzia eta ezagutza eskura jarriz”.