Xoxolurrekoak, gustura Pirinioetan
Hilaren 21 eta 22an Pirinioetan izan dira Lezoko mendizaleak. Hurrengo irteera urriaren 27rako programatu dute.
Joan den asteburuan bi eguneko irteera egin zuten Xoxolur Mendi Klubekoek, Nafarroako Pirinioetara joan ziren. 34 kidek osatu zuten espedizioa, “oso ondo pasa dugu”, ebatzi dute. Horren lekuko, artikulu honen azpialdean ikus daitekeen argazki sorta. Haiek HITZAra bidalitako irudiak dira.
2024-2025 sasoiko lehen irteera izan zen hilaren 21 eta 22an egin zutena. Hurrengoa urriaren 27an izanen da, Tolosa aldeko gain batera; aurrerago emango dituzte horren gaineko argibideak Lezoko mendizaleek.
Hala, joan den asteburukoaren errepasoa eginez, Xoxolurrekoek aipatu dute larunbatean Unzue mendia bere egin zutela, eta igandean Izabatik hasi eta Belabarzeko ur-jauzia arteko bidea egin zutela. Bi txangoen arteko gaua Urzainkiko aterpetxean egin zuten. Beti bezala, familia giroan, ibilaldi eta ibilaldi arteko tarteak jolasean, kantuan edo solasean pasatu zituzten, euskaraz.