Asteburu erabakigarria du Iñigo Iglesiasek Aragoin
Azen txanpan da txapelketa, urriaren azken asteburuan jokatuko dituzte azken bi lasterketak. Honakoa, beraz, asteburu erabakigarria da Iglesiasentzat sailkapen taularen goiko aldean jarraitzeko.
Alcañizen (Aragoi, Espainia) da Iñigo Iglesias Bravo Iñi58 pilotu errenteriarra bihartik igandera arte bertan jokatuko den munduko txapelketaren zazpigarren proban—hamahirugarren eta hamalaugarren lasterketak egingo dituzte— parte hartzeko. Motor Land zirkuituan jokatuko dute txapelketa.
Ilusio handiarekin heldu da errenteriarra bertara, baita bere taldea ere, eta mentalizatuta, mundialaren sailkapenerako erabakigarria izango baita asteburua: “Fisikoki zein mentalki prestatuta dago RT Motorsports talde osoa—SKM Kawasakiren talde horretan ari da Iglesias— lehiakortasun maila mantendu eta sailkapen taularen goi-goian jarraitzeko beharrezko puntuak lortzeko”.
Gaur entrenamendu libreak egin dituzte, eta horien arabera, bederatzigarren tokian irtengo da biharko lasterketan. Goizeko entrenamendu lasterketan erorikoa izan du Iglesiasek eta ez da aritu beraz, baldintza egokienetan. Arratsaldeko super pole-an motoaren errendimendua hobetu ehen hamarren zerrendan sartzea lortu du. Gehiegi estutu gabe marka ona egin du errenteriarrak eta kontrario zuzena duen Veneman herbeheretarrak egindako denboratik 1.26ra gelditu da.
Txapelketa azken txanpan da. Urriaren azken asteburuan jokatuko dituzte Jerezko (Andaluzia, Espainia) Angel Nieto zirkuituan txapelketaren azken bi lasterketak, hamabosgarren eta hamaseigarrena.
Argi mintzo da Iglesias bere sare sozialen bidez zabaldu duen bideoan: “Hirugarrena naiz orain txapelketaren sailkapen orokorrean, azken txanpan gaude eta galtzeko ezer ez dut. Asteburuko lasterketetan borrokatzera aterako naiz, orain arte bezala ahalik eta puntu gehien lortzera”.