Izugarrikeriak eragindako trazuen memoria
1936ko Gerraren izugarrikeria marrazkietan islatu zuten ehunka haurrek. Horietako 48 marrazkirekin hausnarketarako eta aitortzarako bidea zabaldu dute Xenpelar Etxean.
Altxamendu faxistatik babesteko, Espainiako Estatuko, Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako 200.000 haurrek bizilekua aldatu behar izan zuten 1936an. Gehienak Levante ingurura bideratu zituen Espainiako Errepublikako Gobernuak, sortuak zituen udalekuetara. Euskal Herriko haurrak, berriz, Kantabria eta Asturiasko haurrekin egin moduan Europako herrialdeetara erbesteratu zituzten itsasontzietan; ia erdia Frantziara, eta besteak Erresuma Batua, Belgika eta Sobiet Batasunera—3.000 haur heldu ziren hara—. Europatik kanpo ere eraman zituzten, eta hala, Mexikora 400 inguru heldu ziren altxamendutik ihesi.
Gerraren izugarrikeria marrazkietara eraman zuten haur horiek. Ehunka eta ehunka dira 1936ko Gerraren narraziorako ezinbesteko tresna diren zuri-beltzeko zein koloretako memoriarako trazuak. Horietatik 48 ikus daitezke Pikoketa Errepublikazale Elkarteak Xenpelar Etxean antolatu duen erakusketan. Urriaren 3ra arte izango da zabalik astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara.
Erakusketaren komisario Vladimir Merino Barrera idazleak lehen eskutik ezagutzen du haur horien historia; gerrako haurren semea da hura. Desagertutako Sobiet Batasunean jaioa, Errenteria-Oreretara bost urte zituenean itzuli zen, eta 1980ko hamarkadan lan kontuengatik Benalmadenara (Malaga, Espainia) lekualdatu. Ondu duen erakusketarekin altxamendu faxistaren izugarrikeriak paper xume gaineko marrazkien bidez kontatu zuten haurrei aitortza egin nahi die; baita haiek laguntzen aritu ziren emakume eta gizon guztiei ere.
Marrazki horien garrantzia nabarmen jarri du Merinok. «Haurrek ikusitakoa marrazten dute, bizi dutena, sentitzen dutena. Haur hauek tragedia marraztu zuten, eta marrazki gehien-gehienetan hegazkinak azaltzen dira. Azken horiek eragin itzela dute gerra testuinguruetan».
Robert Capa argazkilariari egin dio erreferentzia erakusketaren arduradunak: «Bere kameraren bidez unea harrapatzen zuen, eta meritu itzela izan zuen. Baina imajinatu zein meritu duten haur hauek ere; beraien eskuz marraztu zuten ikusten eta bizitzen ari zirena. Marrazki horien bidez historia erakusten ari dira. Haur hauek egindakoa tresna ikaragarri garrantzitsua da historiaren transmisiorako».
Gerratik ihesi
1936an, estatu kolpea gertatu zenean, 9.000 biztanle zituen Errenteria-Oreretak. Iraileko lehen egunetan, duela 87 urte, biztanle horien ia erdia, 4.000 inguru, ihesi atera ziren, korrika, Irundik erreketeak eta kolpistak zetozelako. «Horietako batzuk kostaldeko beste herrietan hartu zuten babes, eta 2.000 inguru Bilbora joan ziren, beste ehunka eta ehunka errefuxiatu bezala. Alemaniarrak Bilbo bonbardatzen hasi ziren eta Jose Antonio Agirre buru zuen Eusko Jaurlaritzak 4.000 haur ontziratu eta leku seguruetara eramatea erabaki zuen 1938ko ekainean», azaldu du Merinok. Bordelen egin zuen lehen geldialdia haurrez beteta zihoan ontzi horrek, eta Europa iparraldetik iritsi zen Sobiet Batasunera. Tartean ziren 11 urteko Merinoren ama, Carmen Barrera, eta haurra zela Sobiet Batasunean hil zen 9 urteko Merinoren osaba ere. Bidean, itsas erdian zirela gertatutakoa ere kontatu du: «Francoren itsasontzi bat azaldu zen eta haurrak zeramatzan ontziaren parean jarri. Ez dago jakiterik zein intentzio ote zuten, baina haurren ontzia gurutzaontzi ingeles batek babestuta zihoan… bestela auskalo».
Espainiako Errepublikako Gobernua marrazkien garrantziaz jabetu zela nabarmendu du. «Tresna garrantzitsua ziren kanpora begira proiekzio politikoa egiteko. Familiek goxo hartu zituzten haurrak orduan, Europako gobernuek asko zaindu zituzten». Gaur egungo testuingurura ekarri du hori, «Ukrainako haurrak ere hala hartu dituzte, baina Gazako haurrekin ez da hala izaten ari». Marrazki horietako batzuk Parisen eta Londresen erakutsi zituen Espainiako Errepublikako Gobernuak, baita New Yorkeraino iritsi ere. Ameriketako Estatu Batuetatik haurrak laguntzera etorritako kuakeroek ehunka eta ehunka marrazki eraman zituzten eta erakusketa antolatu; marrazki horiekin Aldous Huxley idazleak sarrera egin zion, baita liburua argitaratu ere: Y todavía dibujan.
Hala ere, asko-askorentzat ezezagunak ziren marrazkiak. Espainiako Estatuko 1933ko hauteskundeetan alderdi komunistak izandako diputatu bakarra, Cayetano Bolivar, oinarri duen El médico del pueblo liburua izan zen marrazkietara heltzeko gakoa: «Liburua argitaratu nuenean Bolivarren bilobak deitu ninduen bere amak ezagutu nahi ninduela esanez. Haren bidez jakin nuen, Manuela Carmena Madrilgo alkate zela, marrazki hauen historia kontatzen zuten liburuki batzuk argitaratu zituela». Ikertzen hasi, eta New York eta Kaliforniaz gain, Madrilgo Espainiako Biblioteka Nazionalean 1.171 marrazki original daudela jakin zuen: «Digitalizatuak dituzte, eta eskaera eginda batzuk lortu nituen. Hortik sortu nuen erakusketa; Benalmadenan egiteko asmoa nuen soilik, baina Xenpelar Etxekoa hamabosgarrena da, eta 2025eko Aste Santura arte lotuta ditut erakusketak».