Lan istripuan hildako garraiolariaren heriotza salatzeko, bi elkarretaratze bihar
Errenteria-Oreretako garraiolaria joan den ostegunean hil zen laneko istripuan Nafarroan.
Elkarretaratzera deitu dute bihar, joan den ostegunean Lodosan (Nafarroa) lan istripuan hil zen errenteriarraren heriotza salatzeko. Bi deialdi egin dituzte. Lehenengoa Donostian izango da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, eta LAB, Hiru, ESK, Esteilas eta EHNE Etxelade sindikatuek deitu dute. 12:00etan izango da protesta.
Samat garraio kimikoen enpresako langilea zen hildako behargina eta Hiru sindikatuko kidea. Jon Altuna Hiru sindikatuko komunikazio arduradunak, gogor salatu ditu garraiolarien lan baldintzak: “Laneko istripuak, baldintza kaxkarren ondorio dira. Jardunaldi izugarri luzea egin behar izaten dituzte garraiolariek, eta enpresek ez dituzte betetzen segurtasun arauak”. administrazioa ere sartu du Altunak lan istripuen eta heriotzen ekuazioan, izan ere, azken horiek ez dutela bitartekorik segurtasuna betetzen dela kontrolatzeko salatu du, “bata eta bestearen jarrera, langileak ordaintzen du, garesti ordaindu ere”.
Arratsaldean hildako langilearen herrian, Errenteria-Oreretan izango da elkarretaratzea. Prekarietateak hiltzailea goiburuarekin protestara deitu du herritar talde batek. Herriko plazan izango da, 19:00etan.