'Lezo Bonua' kanpaina abiatu du Lezoko Udalak
Egitasmoaren helburua da udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorean erosketak sustatzea. Bonuak hilaren 14tik azaroaren 30era bitartean erabili ahal izango dira.
Lezoko Udalak Lezo Bonua kanpaina abiatu du. Iniziatiba horren baitan laguntzak emango dira udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorean erosketak sustatzeko. Udalak banatuko dituen bonuak ordainketa medio gisa erabiliko dira kanpainara atxikitako establezimenduetan. Lezoarra edo ingurukoa izateagatik, 5 euro edo gehiagoko erosketengatik 5 euro jasoko dira. Bonuak hilaren 14tik azaroaren 30era bitartean erabili ahal izango dituzte 18 urtetik gorakoek.
Udalak hitzarmen bat sinatu du Lezokoak Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkartearekin, Lezoko merkataritza sustatzeko eta herriko negozioak laguntzeko. Akordio horren baitan, Lezokoak arduratuko da bonuen kudeaketaz eta Oarsoaldea Garapen Agentzia bitartekari gisa arituko da programaren inplementazio eraginkorra eta gardena ziurtatzeko. Egitasmora atxikitzen diren establezimenduei bonuak beren komertzioetara bidaliko zaizkie.
Aurreko deialdietan udalerriko hainbat establezimenduk egin zuten bat kanpainarekin, eta udalak dei egin die orain arte parte hartu ez dutenei izena ematera. Aurtengo kanpainara atxiki nahi dutenek Oarsoaldea Garapen Agentziaren erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu behar dituzte eskabideak eta agiriak, hilaren 7a baino lehen.
Garapen agentzia bitartekari gisa arituko da kanpainan, eta zalantzak argitzeko eta eskaerak izapidetzen eta aurkezten lagunduko dute. Horretarako, 943 49 41 29 telefono zenbakia eta helbide elektronikoa ahalbidetu dituzte.