[GIPUZKOAKO HITZAn argitaratutako artikulua]
Lehengo astean Gipuzkoako kostaldeko herri batzuetan izan ziren marea biziek ikusmina eragin zuten; sor zitzaketen kalteengatik, batez ere. Horregatik, Gipuzkoako kostaldea uholde alertan izan zen hainbat egunez. Horren jakitun, beharrezkoak ziren babes neurriak hartu zituzten herri batzuetan, itsasoa lehorrera sar ez zedin. Pasai Donibanen, esaterako, itsasoaren gorakadari aurre egiteko sistema berria estreinatu zuten joan den astean. Euskal Herrian lehenengoz erabili den murrua jarri zuten Pasaiako barruti horretako Santiago plazan. Beste okasio batzuetan, Pasaiarako propio sortu zuten oihal zuloduneko hesia jarri izan dute, eta, hain zuzen ere, hesi horren osagarri gisa estreinatu dute murru berria. Erraz jar eta ken daitezkeen plastikozko bloke batzuek osatzen dute murrua, eta bloke bat bestearen ondoan jarrita, urak gaindi ezin dezakeen horma bat osatzen dute, baldin eta urak murru horren altuera pasatzen ez badu.
Nolanahi ere, Pasaiako Udalak ezin izan du baieztatu sistema berritzaile hori eraginkorra den ala ez. Izan ere, itsasoak gora egin zuen arren, ez zuen izan espero zuten bezainbesteko eragin kaltegarririk. Itsasoa bare egon zen uholde alerta iragarria zegoen egunetan. Iraitz Pazos Pasaiako Zerbitzuetako zinegotziak esan du lehengo astean estreinatu zuten sistema Kanadan eta Panaman probatu eta erabili zutela aurrena. «Marea biziak gero eta ohikoagoak dira. Pasaian, bereziki Donibaneko Santiago plazaren inguruan eta San Pedroko Torreatzen, itsasoak lurra hartzeko joera izaten du marea biziak daudenean. Horri konponbidea bilatzeko lanean hasi ginen, eta mundu osoan dauden ereduak aztertzen hasi ginen».
Pazosek adierazi du itsasoaren goraldiei aurre egiteko «modu erraz eta praktiko bat» behar zutela, Pasai Donibaneko Santiago plaza «gune historiko» batean dagoelako, eta, horrenbestez, ezin delako «asmo handiko» lanik egin. «Uholdeen kontrako dikeak dira Santiago plazan jarri ditugunak. Sistema hori Espainiako Estatuko enpresa baten bitartez ekarri dugu hona, zer-nolako funtzionamendu eta emaitzak ematen dituen aztertu ondotik». Uholdeak eragotz ditzakeela frogatu zuten aurrez, eta horregatik erabaki zuten Pasai Donibanen halako sistema bat jartzea. «Ekarri dugun sistema berriak ura 50 zentimetroko altuerara iritsi arteko gaitasuna du uholdeak ekiditeko».
Murruaren plastikozko bloke bakoitzak L forma du, eta bloke zurruna osatzen dute, bata bestearen ondoan estu jarrita. Uholdeak daudenean, uraren pisuak lurraren kontra bultzatzen du barrera, eta horrexek eragozten du urak aurrera egitea. Zinegotziaren arabera, metodo berriak, ura gelditzeko ez ezik, ura bideratzeko ere balio du. «Joan den astean ez genuen erabili beharrik izan, itsasoa lasai zegoelako, nahiz eta marea biziak izan ziren». Dena dela, udalak uste du baliagarri izango dela beste aldi baterako. «Ikusi dugu eraginkorra dela urak lehorra har ez dezan. Lehengo astean, mareak 2-3 zentimetro gainditu zuen lurraren kota, eta neurri hori ez da nahikoa izan behar bezalako ondorioak atera ahal izateko; batez ere, sistemaren eraginkortasunari begirako iritzi irmoa osatzeko».
Pasaiako Udalak erosi duen murrua 46 metrokoa da, eta beste hamasei metroko puska bat dira ekartzekoak. «Sistemak ondo funtzionatzen badu, udalerriko beste gune batzuetara zabaltzea da gure asmoa. Gero eta ohikoagoak dira marea biziak edo itsasoaren goraldiak, eta prest egon behar dugu horretarako».
Pazosek esan du Pasaian badirela oraingoz konponbiderik ez duten kalteak. Esate baterako, herrigunean —Pasai Donibanen, batez ere—, badiara zuzenean isuriak egiten dituen hoditeria sistema dago. Mareak gora bortitz egiten duenean, ura hodi horietatik sartu, eta hainbat lokal edo etxabe hartzen ditu. «Lurreko kotatik behera daude eremu horiek, eta, oraingoz, ez daukagu irtenbiderik kasu horietarako».
Sanjuandarrak, zuhur
Udalak «proba pilotu» izendatu duen murru sistemak kuriositatea eragin du sanjuandarren artean. Adibidez, Gaizka del Riok esan du bertako biztanleentzat ez dela kontu berria urak kaleak hartzea: «Marea biziak itsaso zakarrarekin bat egin duen bakoitzean gertatzen da hori, betidanik». 1999an berritu zuten Santiago plaza; Luis Peña Gantxegi arkitektoaren diseinuari jarraiki eraiki zuten zabalgunea —Rocio Peña eta Mario Sangalli arkitektoen laguntzarekin landu zuen Gantxegik proposamena—, eta, aldaketen artean, itsasoaren eta plazaren artean zegoen petrila kendu zuten. Horrenbestez, plazak egun ez du itsasotik babesten duen altuera jakin bateko euste baliabiderik. «Petrila zegoenean ere ura herrira sartzen zen; historikoa den zerbait da hori», adierazi du.
Del Riok ondo ezagutzen du itsasoa, arrantzalea baita. Murru berritzaileaz zuhur mintzo da. «Ezin dugu jakin eraginkorra izango ote den ala ez. Marea asko igo zen lehengo astean, baina ez zen itsaso zakarrik izan. Ur biziak daudenean, ikusi beharko da zer gertatuko den. Arrantzalea naiz, badakit itsasoak zer indar duen. Ea zer gertatzen den aurrerantzean». Del Riok, oraingoz, uste du sistema berria «egokia» izan daitekeela.
Arantxa Sagarzazu eta Joxan Eizagirre senar-emazteek faltan sumatzen dute plaza zaharreko petrila. Uste dute horrekin ura ez litzatekeela «hain erraz» sartuko Pasai Donibanera itsasoa muturreko egoeretan dagoenean. Plazak «itxura erakargarria» duela diote, baina esan dute praktikotasun aldetik «gabeziak» dituela. «Joan den astean ez zen olaturik izan. Proba bat izan da murruarena, baina benetako itsasoa dagoenean, ea funtzionatzen duen».