Udalerriz gaindiko logika eraikitzera deitu du Otaegik, bizitegi larrialdiari aurre egiteko
Gaur izendatu du Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri agenda Sailak Errenteria-Orereta tentsio handiko eremu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen udalerria izan da eskuratzen eta 2025eko urtarrilean aurreikusi dute indarrean sartzea.
Mugarria. Hala definitu du gaurko eguna Aizpea Otaegi Mitxelena Errenteriako alkateak udalerriari eta etxebizitza arloari dagokionean. Izan ere, gaur izendatu du Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak udalerria tentsio handiko eremu. Araba, Bizkai eta Gipzukoako udalerrien artetik izendapena lortzen lehena izan da Errenteria-Orereta. Eusko Jaurlaritzak izendapena eginda, Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea falta da—2025eko urtarrilean izatea aurreikusi dute— indarrean sartzeko.
Errenteria-Oreretan egin dute izendapen ofizial hori gaur goizean, Aizpea Otaegi alkateak eta Denis Itsaso Etxebizitza eta Hiri agenda Sailburuak Reina aretoan egindako agerraldian.
Otaegik hartu du hitza lehenik. Gaurkoa egun garrantzitsua dela esan du, “mugarria” etxebizitzaren erronkari aurre egiteko politika publikoetan orain arte izan ez dituzten baliabideak jarri dituelako udalaren eskura izendapenak: “Zehazki, deklarazioak aukera emango dio Errenteriari iazko maiatzean onartu zen estatuko Etxebizitza Legeak aurreikusitako neurriak abian jartzeko, bereziki, alokairuen prezioen neurrigabeko hazkundeari mugak jarri ahal izatea”.
Izendapen eskaerarekin batera, Errenteriako Udalak etxebizitzaren arazoari hainbat erpinetatik erantzuteko hiru urterako plana aurkeztu zuela ekarri du gogora udal agintariak, “jakitun garelako eremu tentsionatu izendapenak bere horretan ez duela etxebizitzaren errealitate gordina irauliko. garbi dugu ikuspegi integralarekin lan egin beharko dugula, erabilera turistikoak mugatuz, etxebizitza oro har eta etxebizitza publikoa gehiago sustatuz, etxe hutsak mobilizatuz, gaur egungo parkea birgaituz, eta zaurgarrien direnei sarbidea errazteko babes sistemak sendotuz”. Horiek dira hiru urterako planera eramandako neurrietako batzuk, eta datozen urteetan, beraz, planaren garapen osoa izango duela udalak helburu gaineratu du.
Udalerriz gaindiko logika
Udalerriz gaindiko logika eraikitzea behar-beharrezkoa dela ere esan du Otaegik deklarazioak emaitza esanguratsua izango badu, “etxebizitzaren esparruko dinamikak udalerriz gaindikoak direlako, are gehiago gurea bezalako metropoli-eremuan”. Horrekin lotuta, gaurko agerraldian dei egin die Donostialdeko gainontzeko udalerriei “bidea urra dezaten etxebizitzarena erronka partekatua delako, elkarren menpeko garelako etxebizitzari dagokionez, eta politika publiko koordinatu eta lerrokatuak behar ditugulako eraginkorrak izango bagara”.
Eskerrak eman dizkio Otaegik, bestalde, Etxebizitza sailburuari, gaurko izendapen horretara heltzeko “bide partekatuagatik”. Eskaera bat ere egin du alkateak: “Hiru urteko planean aurreikusita dauden, eta erakunde arteko lana eskatzen duten estrategiatan Errenteriari lehentasuna ematea, plana elkarren artean adostua izan den neurrian, gaiari erabateko lehentasuna ematen diogula berretsita gelditu den neurrian”.
Eusko Jaurlaritzak iaz Espainiako Estatuak onartutako Etxebizitza Legeari ahalik eta etekin handiena ateratzeko konpromisoa hartu duela zehaztu du bere aldetik Itxasok, eta hori horrela, zonalde tentsionatuei edukia eman nahi dietela erantsi, legeak esaten duenetik harago, eta horregatik ari direla hiru urteko plangintzak adosten: “Herritar orok etxebizitza duina izateko eskubidea duela dion premisa konstituzionala gauzatu eta eskubide zehatzetan islatu nahi duen legea da, eta gainera 2015eko Etxebizitzaren Euskal Legearekin osatzen den legea da. gaur Euskadik urrats garrantzitsua egin du, eta Etxebizitza Legea betetzeko konpromisoa hartu du, anbizioarekin eta erantzukizunez egin dugu gainera, bizitegi larrialdi honen aurrean ezin baitugu besoak gurutzatuta geratu”.
Errenteriak gaur zabaldu duen bidearekin herri gehiagok bat egitea espero duela erantsi du sailburuak.
Eremu tentsionatu izendatzea “keinu” izatetik harago doa Itxasoren hitzetan, “erantzukizun bat da, udalerriak etxebizitzaren merkatuan krisi bati aurre egin behar diola aitortzea baitakar, eskaerak larregi gainditzen duenez dagoen eskaintza”. Izendapenak alokairu kontratuetan, horien eguneratzean eta luzapenetan izango dituen berehalako ondorioez harago hiru urteko ekintza planetan jarri du fokua sailburuak, horiek “plan biziak” izatea nahi dute, arreta alokairurako etxebizitza babestuen eraikuntza bultzatzean jarriz, % 50 36 urtetik beherako gazteentzat gordeta. Era berean, Itxasok proposatzen du gazteentzat eta adinekoentzat bizitokiak sortzea udalek eskura jarritako lekuetan; erabilgarri dagoen lurzoru guztia, bai publikoa bai pribatua, mobilizatzea; udal-ordenantzak eguneratzea eraikitako espazioa ahalik eta gehien aprobetxatzeko, etxebizitza handiak zatitzea, merkataritza-lokalak etxe bihurtzea edo jarduera profesionalak kaleetara mugitzea sustatuz; eta hutsik dagoen etxebizitza mobilizatuz, Bizigune bezalako programen bidez edo hutsik dauden etxebizitzen kanona ezarriz. Horiek guztiak betetzen ditu Errenteria-Oreretak.
Datuak ere eman ditu Itxasok. Hala, azaldu du, gaur gaurkoz, Etxebizitza sailak Errenteria-Oreretako 109 pertsonei laguntza ematen diela EPE Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoaren bidez, eta 317 gazteri Gaztelagun programaren bidez. Bizigune programaren barruan, berriz, udalerrian hutsik dauden 93 etxebizitza Alokabideren esku jarri direla ere esan du: Horietatik 82 jada alokatuta daude, lau onartzeko fasean, eta zazpi esleitzeko prozesuan.
Etxebizitza arloan Errenteria-Orereta larrialdian dagoela esatera iristeko egindako gogoeta partekatu du ondoren Otaegik. Etxebizitza “eskubidea” dela jarri du nabarmen alkateak, “ongizatearen zutabe nagusia den funtsezko ondasun bat da eta norberaren bizi proiektua aurrera eramateko ezinbesteko. Legeak hain justu ezartzen duen helburuetako bat da etxebizitza duin eta egoki bat eskuratzeko aukera erratzea merkatuko baldintzetan lortzeko zailtasunak dituzten pertsonei eta arreta berezia jarriz zaurgarrienengan”. Diagnostikoari egin dio erreferentzia ondoren, eta hainbat datu eman.
Hala, etxebizitzen erabilera ez dela garai batean bezain intentsiboa uzten du agerian, hamar etxebizitzetatik hirutan pertsona bakarra bizitzeak. Alokairuarekin lotutako beste datu bat ere eman du alkateak, %73 egin du gora alokairuzko etxebizitzen kopuruak azken hamarkadan, baina aldi berean merkatu librean alokairua ordaintzeko zailtasunak nabarmen egin dutela gora eta horren adierazle jarri du Etxebiden eskatzaile gisa dauden 2.600 familia unitatetik %70 dagoeneko Errenteria-Oreretan bizitzen izatea, “horien beharra ez da etxebizitza bat, beraz, ordaintzen duten alokairua txikiagoa izatea baizik”.
Izendapenak berekin ekarriko duenari ere erreferentzia alkateak, “ondorio zehatzak batez ere lotuta daude alokairuen prezioen hazkunde mugagabe horri muga jartzearekin, eta hori da une honetan behar dugun gauza garrantzitsuenetako bat”.
Gaurko izendapen ofiziala eginda, esan moduan, Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea geldituko da izendapen hori indarrean sartzeko.