Antzerkia eta musika erruz, urritik abendura
Urteko azken hiruhilekorako egitarau oparoa ondu du udalak. Punta-puntako musika eta antzerki eskaintza betea dakar kultur agendak.
Zabal-zabal dator, eskaintzaz oparo urteko azken hiruhilekorako kultura agenda. Gaur aurkeztu dute Maite Gartzia Kultura zinegotziak eta Laura Landa Kultura teknikariak udalak herritarrak arte eszenikoekin blaitzeko ondu duen egitaraua. Oraingoa ere, kalitate handikoa, punta-puntako emanaldiekin eta publiko guztiari begirakoa. Niessen Kultturguneak eta Lekuona Fabrikak hartuko ditu adin guztiei eta gustu orori begirako ekitaldi sorta.
Landak, eman du xehe, antolatutakoen gaineko informazioa. Programazio hasiera “potentzia handiko” kontzertuarekin egingo dute: Izaro izango da programazioa estreinatzeaz arduratuko dena, eta Cerodenero disko berria eskuartean, emanaldia eskainiko du hilaren 19an 20:00etan Lekuona Fabrikan.
Antzerkiak hartuko dio lekukoa eta Niessen Kulturguneko agertokian etxeko txikiekin batera gozatzeko aukera eskainiko du Galitoon konpainiak The Show Moscon antzezlanarekin. Hilaren 25an izango da hori 18:00etan. Eta hilabetea bukatzeko azken emanaldia ere antzerkiaren eskutik helduko da, zehazki, DesAires Teatro konpainiak Apotheosis Buffo lana eskainiko du hilaren 27an, 19:00etan, Niessen Kulturgunean.
Azaroko kultur agendako lehen emanaldia musikaren eskutik helduko da. Honakoan, Olatz Salvadorrek dantzan jarriko du publikoa Zainak eman bere azken lanarekin. Orain arteko lanen artetik artistaren elektronikoena eta basatiena da azken lana. Kontzertua azaroaren 9an izango da Lekuona Fabrikan 20:00etan. Eta Salvador Sorguneko agertokitik jaitsita, Chill Mafiakoak igoko dira. Talde Nafarrak bertan emango du agur biraren barruan Gipuzkoan aurreikusi duen kontzertu bakarra azaroaren16an, 20:00etan. Informazio gehiago hemen klik eginda.
Musikatik antzerkira jauzi azaroaren 24an Metrokoadroka konpainiaren Artxibo biluzia lanaren bidez. Niessen Kulturgunean izango da 19:00etan. Publiko helduari zuzendutako lanean Joan Mari Torrealdai Euskaldunon Egunkariaren administrazio kontseiluko lehendakaria atxilotu zuteneko egunean hutsik geratutako karpeta batetik abiatzen da istorioa, biluztasun hura gorputzez eta ekintzez janzteko. Azaroaren 29an beste antzezlan bat Niessen kulturgunean bertan, 18:00etan hasita, oraingoan haurrei zuzendua. Lankuren eskutik, Teilatupean ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango da.
Musika berriro protagonista Bulegorekin abenduaren 14an. Lekuona Fabrikak hartuko du kontzertua 20:00etan eta ez du taldeak inor epel utziko Aldatu aurretik bere azken lanarekin.
Ginga jartzeko, berriz, haurrei begirako Ezer ez? antzezlanak hartuko du oholtza Niessen Kulturgunean abenduaren 27am, 18:00etan hasita.
Ikuskizun guztietarako sarrerak bihar jarriko dituzte salgai 12:00etatik aurrera, online (egin klik hemen) edota presentzialki Lekuona Fabrikan—bihar, 12:00etatik aurrera—, eta Beraungo Aldakoenea auzo etxean—bihar, 16:00etatik aurrera—. Modu presentzialean saltzeko txartelen %20a bideratuko dute modu presentzialean saltzeko. Gainera, ikuskizunaren egunean bertan, lehiaketa irekiko dute ordubete lehenago, betiere sarrerak lehenago agortu ez badira. Lau sarrera eskuratu ahalko dira gehienez ere, kontzertuen kasuan.
Salneurriari dagokionean, kontzertuetarako sarrerak 10 euroko prezioa dute, helduentzako ikuskizunek 9 eurokoa, eta familiei zuzendutako bakoitzak, berriz, 3,5 eurokoa. Kultura txartelaren titularrek %20ko deskontua izango dute.
Herritarrak parte hartzera deitu ditu Gartziak, “Errenteria, kultura da. Zatozte kulturaz gozatzera”.