Chill Mafiaren kontzerturako sarrerak, bihar
Bihar —ostirala— jarriko dituzte salgai taldeak Gipuzkoan emango duen kontzertu bakarrerako sarrerak online, zein modu presentzialean.
Chill Mafiak talde gisa egindako ibilbidea bukatuko duela jakinarazi zuen pasa den hilabetean. Zaleak merezi moduan agurtzeko, despedida bira ondu duen berria ere zabaldu zuen, eta kontzertuetako bat Errenteria-Oreretako Lekuona Fabrikan egingo zuela. Kontzertu horretarako sarreren salmenta noiz eta nola egingo duten gaur zehaztu dute Maite Gartzia Errenteriako Udaleko Kultura zinegotziak eta Laura Landa Kultura teknikariak, urritik abendura arte ondutako programazio bereziaren berri emateko egindako agerraldian.
Ikusmin handia sortu du talde nafarraren kontzertuaren iragarpenak, azaroaren 16an, 20:00etan eta sarrerak berehala agortzea aurreikusi dute. Sarrerak, 10 euroan izango dira salgai.
Zaleentzako informazio baliagarria oso, ondokoa. Bihar, ostiralarekin, jarriko dituzte salgai Lekuona Fabrikan taldeak egingo duen kontzerturako, 12:00etatik aurrera. Online eskuratzeko aukera izango da ordu horretatik aurrera (horretarako klik egin hemen).
Ez da hori bide bakarra izango, presentzialki ere erosi ahalko dira kontzerturako sarrerak—aforoaren %20 bideratzen dute salmenta mota horretara—. Lekuona Fabrikan bertan erosteko aukera izango da sarrera horiek, 12:00etatik aurrera, baita Beraun auzoko Aldakoenea udal eraikinean, 16:00etatik aurrera.
Ohartarazpena egin du Gartziak gogorarazteko gainontzeko ikuskizunetan egin ohi duten moduan, pertsonako lau sarrera eros daitezkeela gehienez ere.