Fiskaltzaraino heldu da Errenteria-Osasuna taldearen salaketa
Fiskaltzak delitu egitate zantzurik ote dagoen aztertu beharko du orain, horren arabera salaketa bertan behera utzi edota epaitegira jotzeko.
Errenteria Osasuna (EO) taldea osatzen duten Gabierrota, Olibet-Etxe Berriak eta Erdialdeko auzo elkarteek, eta Eguzkik fiskaltzaraino heldu dira Papresaren gaineko auziarekin. Askotarikoak dira taldeak egin dituen salaketak Papresaren jardunak haren inguruan bizi diren bizilagunei eragindako kalteen inguruan, eta alde guztiak aseko dituen aterabide bat eskatzen ari dira.
Komunikabideetara helarazitako prentsa ohar bidez Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du Errenteria Osasunak. Izan ere, Papresako Ingurumen Integratuari (IBI) alegazioak egiteko epea ireki zuenetik urtebete igaro dela, eta prozeduran zehar epea luzatzeko hainbat eskaera egin bazituzten ere, ez ziela Eusko Jaurlaritzak jaramonik egin jarrai dute nabarmen. Egoera hori izanik, elkarte bakoitzak, norbanakoek eta udalak egindako alegazioak aurkeztu behar izan zituzten ezarritako epearen barruan, “alegazio horiek ere ez ziren aintzat hartu, eta Ingurumen sailak erabat ezetsi zituen”, azaldu dute haserre.
Hurrengo urratsa gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea izan zen, “zoritxarrez aurretik egindako bide bera aukeratu zuen berriro Eusko Jaurlaritzak. Gure argudioak eta eskaera alde batera utzi ditu, administrazioaren isiltasuna erabiliz eta bide administratiboari bukaera emanez”.
Administrazio bidea agortuta apirilean ezagutarazi zuen Errenteria Osasuna taldeak fiskaltzara jotzeko egin zuen hautua. Hala, fiskaltzarekin lehen harremana 2024ko maiatzean egin zuen taldeak, eta ekainean, hark eskatuta, aurkeztutako alegazioen eta errekurtsoen laburpena egin zuen Errenteria Osasunak, eta irailean aurkeztu fiskaltzari, azter zezan. Irailaren 9an jaso zuen taldeak fiskaltzaren erantzuna, “bertan jakinarazi zitzaigun salaketa ikerketa-eginbide gisa erregistratuta geratu dela”. Horren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin ikertu egin beharko du fiskalak eta ebatzi delitu egitate zantzurik ba ote dagoen jardunbidean. Delitu egitaterik ez dagoela ondorioztatzen badu artxibatu egingo du salaketa; badagoela ebazten badu, berriz, epaitegira bideratuko du Errenteria Osasuna taldearen salaketa.
Orain zain egotea dagokiola gaineratu du taldeak, eta baikor direla hura osatzen duten kolektiboek jasoko duten erantzunaren gainean: “Baikorrak izan nahi dugu eta fiskaltzaren ondorioek arrazoia emango digutelakoan gaude”. Zer erabaki zain egon beharko dute orain. Azken hitzak eskumena duen administrazioari zuzendu dizkio taldeak: “ahaleginak egin behar ditu eskumenak dituen administrazioak Papresa eta herritarren arteko bizikidetza duina arautzeko eta orain dela urte batzuetatik instalazio berriak martxan jarri zirenetik intentsitate handiagoz pairatzen ari garen sufrimenduarekin amaitzeko; izan ere, geroztik areagotu egin baitira zarata, kiratsa eta arnasten ari garen beste isuri batzuk”.