Lana bilatzeko prozesuan, Oarsolanen laguntza
Urrirako bi tailer antolatu ditu Oarsolanek, lan bila dabiltzanei formazioa emateko. Izen emate epea zabalik da.
Oarsoaldeko Garapen Agentziaren barruko enplegu zerbitzua da Oarsolan. Lana bilatzeko prozesuan dabiltzanei laguntza emateko bi tailer berriren informazioa eman du zerbitzuak, Lanbidek finantzatuak. “Lan bilaketa eraginkorra eta autonomoa garatzeko aukera” emango diete tailer horietan izena ematen dutenei.
Lehenengo tailerra, teknologia berriak erabiliz lan bilaketak nola egin ikastekoa da. Irailean jarri zen abian, baina urrirako hainbat eskola prestatu dituzte, hilaren 7.9,15,17,21,23,29 eta 31n egingo direnak, 09:30etatik 10:30etara, Oarsolanen egoitzan (Lartzabal kalea 31, Errenteria-Orereta).
Beste tailerra, lan elkarrizketak landu eta prestatzeko balioko duena da. Urriaren 11n egingo dute, 09:00etatik 11:00etara. Hamar lagunentzako tokia dago bertan.
Bi tailer horietan (lehenengorako data aukeratu behar da) izena eman nahi dutenek galdetegia bete behar dute, han beharrezkoak diren datuak jarriz. Bestela, zerbitzuarekin harremana egiteko posta elektronikoa erabil daiteke, edo telefonoz deia egin daiteke 943 51 02 00ra.