Bizitegi emergentziari sendagaia
Errenteria-Orereta da tentsio handiko eremu izendatu duten EAEko lehen udalerria. Aizpea Otaegi alkateak azaldu duenez, «ez gara merkatua iraultzeaz ari, alokairuaren prezioa izozteaz baizik», bizitegi larrialdi betean.
Bizitegi Merkatuko Tentsio Eremua da Errenteria-Orereta joan den asteazkenaz geroztik. Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenean—2025eko urtarrilean izatea aurreikusi dute— sartuko da indarrean izendapena. Aizpea Otaegi Mitxelena Errenteriako alkatea, tentsio eremu izendatzeak izango duen eraginaz mintzatu da.
Etxebizitzarena, arazo larria dela jarri du nabarmen Otaegik, «batez ere baldintzatzen duelako jendearen bizi proiektua aurrera eraman ahal izatea, eta zentzu horretan, bizi duguna bizitegi emergentzia bat da, azkenean larrialdi sozial bat eragiten duena». Arazo «larri» horren aurrean eskura zituen tresna guztiak baliatuko zituela esan du asko-askotan udalak, eta hori erakutsi dutela gaineratu du alkateak: «Etxebizitzaren esparruan eragiteko gure eskumen eta ahalmenetatik hainbat neurri martxan jarriko ditugu. Bide horretan, aurrera urrats bat gehiago da honakoa. Eremu tentsionatua izendatzeak, alokairuen prezioak gehiago ez igotzea ahalbidetuko du, eta iruditzen zaigu egoerak ezinbestean neurri hori aplikatzea eskatzen duela».
Ez du uste etxebizitzen jabeen artean beldurra eragiteko arrazoirik dagoenik ez tentsio handiko izendapenarekin, ezta iazko maiatzean Espainiako Estatuan onartutako Etxebizitza Legearekin ere: «Alokairua izozteaz ari gara. Esaten ari garena da eremu tentsionatu izendatuta, aurten 850 eurokoa den kontratu horri erreferentzia indizea baino ezingo zaiola igo». Argi dio: «Ez gara merkatua iraultzeaz ari. Prezioak kontrolatzeari buruz ari gara, eta uste dut, denok ulertu behar dugula bizitzeko oinarrizkoa den etxebizitza bezalako ondasun bat ezin dela kontroletik kanpo geratu. Eta gutxi dagoelako, hori ez dela arrazoia nik nahi dudana eskatzeko jabetzan daukadan etxebizitza horren truke. Hori ez da sozialki onargarria. Eremu tentsionatu izendatzeak dakarrena ez da etxe jabeek atzera egiteko moduko neurri bat».
Egungo alokairuen prezioa izoztu
Orain alokairu merkatuan dauden etxebizitzen kasuan, alokairu horien prezioa izoztea suposatuko du izendapenak, urtero erreferentzia indizearen araberako igoera ezarrita. Eragina bestelakoa izango da etxejabe handien, eta bost urte baino gehiagoz alokairu merkatutik kanpo izan diren etxebizitzen kasuan; bi horietan, Espainiako Etxebizitza Ministerioak ezarriko du erreferentzia indizea, eta alokairu prezioa, ogasunak emandako datuen arabera. Oraindik, baina, ez dago jakiterik zenbatekoa izango den.
Udalerriko errealitatea lehen eskutik landu du udalak, eremu tenkatu izendatzeko prozedura abiatu ahal izateko diagnostikoa eta hiru urteko plangintza egitea beharrezkoa delako. Argazki orokorra egiteko hainbat zertzelada eman ditu alkateak. Bi arazo nagusi aipatu ditu: eskaintza urria dagoen eskaerarekiko, eta eskaintza urri hori, gainera, oso garestia izatea. Bi parametro horiek jarri ditu nabarmen Otaegik, eta horrek bi arazo eragiten dituela erantsi: «Bada etxe bila ari den jendea eta aurkitzen ez duena, eta bestalde, dagoeneko alokairuan bizi den jendea, baino oso zaila egiten zaiona ordaintzea». Egoera horren erakusle den datu bat ere eman du: «Etxebiden izena emanda dagoen gure herriko biztanleen %70 alokairuan bizi da, ezin diolako aurre egin merkatu libreko prezioari edo ahalegin ikaragarri handia suposatzen diolako».
Bizitegi larrialdia eta presio altu horren arrazoiez ere mintzatu da Otaegi. Horren erdi-erdian kokatu du logika metropolitanoa: «Donostia jendea kanporatzen ari da. Ondorioz, gainontzeko udalerrietan gure herrikideen etxebizitza premiaz gain, herri kanpotik bizitzera gurera etorri nahiko luketenen premiari ere erantzun behar diogu. Esaten da gure herria dela ingurukoen artean gehien gaztetu dena. Horri gehitu behar diogu, gure herrikideen errentak eta Donostiatik datozenenak ez direla berak; desabantaila sortzen du horrek eta gure gazteak kanporatzea suposa dezake. Gentrifikazioa finean hori da, erdian zeudenak ertzera doaz, baina dagoeneko ertzetan zeudenak, ertzerago».
Irtenbidea zaila den zalantzarik ez da. Horren aurrean, neurri bakarra ez dela nahikoa eta estrategiak dimentsioaniztuna izan behar duela defendatu du Otaegik: «Erpin ezberdinetatik erantzun behar zaio etxebizitzaren erronkari. Eraikitzea bada bide bat, baina bere mugak dauzka, eta eraikitzen dugun horretan etxebizitza soziala egon behar da. Eremu tentsionatu izendapenarekin egingo dugun alokairuaren gaineko kontrola ere garrantzitsua da». Etxebizitzaren funtzio sozialari lehentasuna ematea, etxebizitza turistikoei mugak jartzea, hutsak dauden etxeak mobilizatzea, laguntzak indartzea, edota etxebizitza parkea baldintza onetan mantentzea etxebizitzarik gal ez dadin dira aipatu dituenetako batzuk.
Udalerriz gaindiko estrategia
Gakoetako bat, bakarrik ez aritzea dela dio alkateak. «Etxebizitzaren arazoak ez du udalerri arteko mugarik ezagutzen. Herritarrek pairatzen duten horrek erantzuten dio udalerriz gaindiko logika bati, eta udalerriz gaindiko estrategiekin erantzutea ezinbestekoa da». Izendapena jasotzen lehen udalerria izanari garrantzia kendu dio, «ez baita hori bere horretan helburu bat, daukagun problematikari erantzutea baizik. Horrek balio badu beste batzuk bide bera jarrai dezaten, pozten gaitu, sinistuta gaude-eta modu isolatuan erabakiak hartzeak emaitza mugatua izango duela. Politikagintzan, eta kasu honetan udalgintzan gaude pertsonen bizi baldintzak hobetzeko, eta bide horretan etxebizitza funtsezko osagaia da bizi proiektuak aurrera eramateko».
Aterabidea aurkitzeko aukeren gainean zuhur aritu da: «Nik uste dut datozen urte luzeetako erronka baten aurrean gaudela, epe laburrera zaila izango da errealitatea iraultzea, eta epe luzera ere uste dut, nahiz eta hartzen ditugun neurriek eta martxan jartzen ditugun politikek egoera leundu dezaketen, ez diola etxebizitzak arazo izateari utziko datozen urte luzeetan, hamarkadetan esango nuke. Beste gauza bat da errealitate horri bizi propioa eduki dezan utzi nahi diogun, eta gero eta egoera larriagoa eta okerragoa izaten, edo egoera hori bera leuntzeko ardura instituzionala hartzen dugun. Uste dut hori dela egin dezakeguna».
Herritarren feedback-a jaso duela aitortu du. Ez omen da ohikoa, baina eremu tentsionatu izendapenaren inguruan gerturatu zaizkiola dio, «eskerrak eman, zoriontzera, edo esatera zein inportantea den bide hau egitea». Horrek suposatu diona galdetuta ez du zalantzarik, «babesa sentitzea eta guretzat garrantzitsuak diren gaiak benetan herritarrentzat ere hala direla berrestea, inportantea da».
Herritarren balorazio baikorra
Tentsio handiko eremu izendapena begi onez hartu dute oro har herritarrek. Maria Angeles Rodriguezek etxebizitza eskasia eta garestitasuna lehen eskutik bizi du: «Banandu egin da alaba, eta etxe bila ari da. Alokairuak garestiak dira eta erosteko ere ez dago modurik, nirekin ari da bizitzen».
Ikasketak bukatu berri ditu Helene Mendizabalek. «Printzipioz ez dut planteatu ere etxetik joatea. Testuingurua ez da oso aldekoa, eta neurri handi batean horrek muga suposatzen du. Hala ere, lanik ez dut momentuz, eta ezingo nuke alokairuan jarri edo etxebizitza erosi». Izendapena lagungarri izango den zalantzarik ez du 22 urteko errenteriarrak, «baina ez dut uste nahikoa izango denik, ikusi beharko da».
74 urte ditu Lurdes Telleriak eta «egoki» ikusten du neurria: «Batez ere jende gaztearentzat onuragarria izango dela uste dut. Ikaragarria da alokairuen prezioa eta gero eta garestiagoa, inguruan askori entzun diot hori. Ez dago, gainera, etxebizitzarik, eta jende batek gabezia hori aprobetxatzen du neurririk gabe igotzeko alokairuaren prezioa. Muga jartzea ondo iruditzen zait, gazteek euren bizitza egiteko aukera izan dezaten».
Irtenbidea, zaila
Aterpe Higiezinen Agentziako Isabel Albisu Elustondok ez dio aterabide errazik ikusten etxebizitzaren aferari, «dagoen arazoa ikaragarria da, etxebizitzarik ez dagoelako, ez alokairurako, ezta salmentarako ere». Etxebizitza «finitua» dela esanda, etxe gehiago eraikitzea da bidea bere iritzirako: «Etxebizitzarik ez dago, eta eskaera oso handia da. Bikote asko banatzen da, eta lehen etxebizitza bakarrean bizi zirenek, bi bizileku behar dituzte orain».
Albisuk uste du asteazkeneko izendapenak ez duela aldaketa handirik ekarriko gaur egun alokairuan dauden etxebizitzentzat. Haren esanetan, iaz onartutako Etxebizitza Legearekin batera izan ziren aldaketa nagusiak. «Kaltegarria izan zen oso. Bi aldaketa nagusi ekarri ditu: agentzietako komisioak etxeen jabeek ordaindu behar dituztela; eta lehen, bost urtera bukatzen zen alokairua, unilateralki luzatu dezakeela maizterrak beste hiru urtez». Horrek etxe jabeei beldur handia eragin diela dio, eta legeak berak, epe luzerako alokairuak «mugatu» dituela: «Jende asko gezurretako kontratuak egiten hasi da epe luzeko kontratuekin ez kateatzeko, eta horrek erakusten du, finean, legea ez dela nahi zuen lekura heldu. 11 hilabeteko kontratuak egiten hasi dira jabeak, hartara, maizterrak ordaintzen dituelako komisioak, eta urtero erabaki dezakeelako etxe jabeak kontratua luzatu edo ez. Horrek ez du asetzen dagoen beharra, familia mordoa kanpoan utzi duelako».
Alderdirik latzena, «zaurgarriak» direnek pairatzen dutela erantsi du: «Lanpostu eta soldata ona duten pertsonak nahi dituzte etxea alokatzerakoan jabeek». Etxebizitza Legeak aurreikusten duen «zaurgarritasun» alderdiak eragin duela etxe jabeen artean kezka erantsi du. «Maizterrak egoera zaurgarrian badira, eta alokairua ez badute ordaintzen ezingo ditu kanporatu jabeak, ezta jakin ere etxea noiz berreskuratuko duen». Beldur hori alokairuak garestitzearen arrazoi nagusia da Aterpekoarentzat: «Pandemia aurretik 700 euro balio zuen alokairuak, orain agian 1.000 euroan dago». Tentsio eremu izendapenak azken bost urtean alokairu merkatutik kanpo izan diren etxebizitzen gainean izango duela eragina jarri du nabarmen. «Horiek izango dute Espainiako Etxebizitza Ministerioak ezarriko duen prezio bat. Hori izango da aldaketa garrantzitsuena, eta berdin gertatuko da etxe jabe handien kasuan, baina halako gutxi da gurean. Oraindik ez dakigu prezio hori nola ezarriko duten. Ikusiko dugu aurrerantzean zenbat pisu jarriko dituzten alokairuan».
Beldur da Albisu alokairu merkatura aterako dituzten etxe berriak ez ote diren hasiko gelaka alokatzen: «Gure herrian ez da horrela momentuz, baina gero eta gehiago zabaltzen ari da joera hori errentagarritasun izugarria lortzeko. Negozio itzela dago horren bueltan, inbertsore baten diruaren errentagarritasuna bilatzen du horrek, eta kalte handia eragin, etxebizitza beharra ikaragarria delako».