Duintasunez elikatzen dute herria
Arraztalo Oiartzungo gaixo psikiko eta haien senideek osatzen duten elkartea da. Herriko hainbat lekutan dituzte baratzeak, eta bertan lan egiteaz arduratzen dira langileak. Kontsumo talde bat ere badute, eta hamabost urte bete ditu horrek.
Oiartzun elikatzeaz arduratzen da Arraztalo. Baratzeak dira haien lan eremua, eta bertatik bertara egiten dute lan. Herritik, herriarentzat. Oiartzunen gaixotasun mentala duten pertsonen elkartea da Arraztalo, eta orain dela hamabost urte sortu zen gaixoen senide eta familia talde baten nahitik abiatuta. Jon del Olmo elkarteko zuzendaritza batzordeko kide da, eta horrela deskribatu du Arraztaloren sorrera: “Momentu batean herritar batzuek ikusi zuten bazituztela bazterkeria arriskuan zeuden senideak; gainera, lanik gabe zeuden batzuk”. 2005etik 2010era hainbat erakundek eta Lanbidek ateratako lan programetan ibili ziren lanean, baina urte horretan bukatu egin ziren aukerak. Haatik, begi ona izan zuten senideek, eta konturatu ziren Oiartzungo Udalaren laguntzarekin, baina beren kabuz, zerbait martxan jartzeko aukera zutela. “Nekazaritza ekologikoan oinarrituta zegoen eta enpleguarekin zerikusia zuen programa bat jarri zuten martxan; orduz geroztik dabiltza lanean”, kontatu du del Olmok.
Makutso agroaldean dute baratze nagusia, Iturriozko bidegorriaren ondoan. Ustialekua, txabola eta behar dituzten lanabes guztiak dituzte hor. Badituzte lan egiteko eremu gehiago herrian barrena. Ergoienen, Altzibarren, Elizalden, Petra Lekuona adinekoen egoitzaren ondoan eta Gurutzen ere baratzeak baitituzte. Hortik ateratzen dute uzta Arraztalokoek.
Lau langile hasi ziren baratzeko lanetan monitore baten laguntzaz, eta ahal zuten moduan ateratzen zuten aurrera ekoizpena, “hasiera batean inolako bezerorik gabe”. Lehenengo uztak atera zirenean elikagaiak kontsumo talde bati saldu zizkieten. Egun horretatik gaur arte. Handitzen joan da Arraztalo, egonkortzen, eta gaur egun sei pertsona daude lanean baratzean, finko. Gaixotasun mentala duten pertsonek egiten dute lan bertan, eta normalean adin bateko pertsonak izaten dira baratzean egoten direnak, lan bat egiteko prozesu bat pasa behar izaten dute eta. Del Olmok kontatu duenez, langile horiek Osakidetzaren Osasun Mentaleko sailean jasotzen dute arreta, diagnostiko bat behar izaten dute, eta hartzen dituzten botikak behar dituztenek horren berri eman behar dute, edo botiken prozesua amaituta izan behar dute.
Arraztaloko langileak baratzeko mantenu lanetara eta zainketara dedikatzen dira. Astean 25 ordu egiten dituzte lan, goizez, eta denetarik egiten dute bertan: landaketa, landare zainketa, barazkiak atera, bildu, astelehenetako saskiak prestatu, saskiak banatu… “Azken batean nekazaritza ustiapen batean dagoen lana egiten dute”.
Baratzean naturarekin eta ama lurrarekin egiten dute lan; elikadura osasungarri eta jasangarri bidez elikatzeko deia egiten dute, beraz, elkartekoek. Del Olmok uste du gaur egun ez zaiola ematen behar duen garrantzia elikadurari, ezta produktuen jatorriari ere: “Guk, hasieratik, bertako produktuaren apustua egin genuen”. Lehen sektoreko aktibitate bat aukeratu zuten Arraztalon, jasangarritasunaren eta elikadura burujabetzaren ikuspuntua lantzea ahalbidetzen ziena. “Guretzat garrantzitsua da hor gure ekarpena egitea”.
Zuzendaritza batzordekoaren kalkuluen arabera, astero 25 saskiko ekoizpena ateratzen dute baratzeetatik langileek, eta astelehenetan banatzen dute hori Oiartzungo plazan. Arraztalo Kontsumo Taldearen barruan egiten dute banaketa hori. Herritarrek izena ematen dute, eta hilean ordaintzen duten kuota baten truke astero bi pertsonarentzat adina barazki fresko jasotzen dituzte trukean. Hala ere, herritarrez gain beste lauzpabost merkataritza txikiko establezimendu ere badira Arraztaloren bezero. “Pixkanaka goaz egonkortzen, lur sailak ere handitzen joan dira, eta hor gabiltza, proiektuarekin apurka-apurka aurrera egiten”.
Astelehenetan, banaketa
“Kontsumo taldea funtsean izan zen baratzeko ekoizpena saltzeko formula bat. Lehenengo uztak ateratzen hasi zirenean ikusi genuen merkatuan, ostalaritzan edo saltoki txikietan horiek saltzea zaila zela, eta errazena zela une horretan elkarteko senideei produktuak saltzea. Herriko jende gehiago ere batu zen horretara, eta kontsumo salmenta zuzena egitea ahalbidetu genuen. Elkartea sortu, sei hilabetean baratzea landu, eta gero jarri zen martxan taldea bezeroei barazkiak zuzenean saltzeko”, zehaztu du Del Olmok.
Garaian garaiko produktuak banatzen dituzte otarretan, eta ekoizleak eta baratzean lanean dabilenak erabakitzen dute uztaren arabera zer sartu saskian. Gutxi gorabehera bi pertsonen beharrak asetzeko produktuek osatzen dute sorta. Alabaina, badaude batzuetan bestelako produktuak ere: babarrunak, sagardoa…
Ustialekuaren gaitasunaren arabera saski kopuru maximo bat ezartzen dute, eta behin hori erabakita, urtean zehar kanpaina pare bat egiten dituzte jendea izena ematera animatzeko. Egun irekita dago izen ematea, eta zuzendaritzakoak uste du, oraingoz behintzat, ez dutela itxiko badutelako marjina ekoizpenak ematen duenarekin saski gehiago ateratzeko. Horretarako, 617 58 57 24 zenbakira idatzi edo deitzea da aukera bat, baina helbide honetara mezu bat idaztea, edo webgunean dagoen formularioa betetzea ere badira beste bide batzuk.
Ibilbide malkartsua
Kontsumo taldearen bazkideak ez dira, ordea, elkartea sostengatzen laguntzen duten bakarrak. Oiartzungo Haurtzaro Ikastolako jantokiko hornitzaileak dira, eta Laborerekin ere egiten dute lan. Errenteria-Oreretan eta Hondarribian beste salmenta puntu batzuk ere badituzte.
Kontuz, mimoz eta maitasunez zaintzen dituzte baratzeak, baina ez da hasieratik bidea erraza izan, “nahiko gorabeheratsua” baizik. Elkartea sortu eta lantaldea osatu zutenean “inork ez zekien ezer”, eta ikasiz egin zuten bidea. Duintasuna da, zalantzarik gabe, Arraztaloren ardatzetako bat, eta zuzendaritza batzordekoak azaldu du beti saiatu izan direla langileek ordainsaria izan zezaten. “Gure proiektua enpleguaz mintzo da, ez da denbora-pasa bat. Ordaindutako lana da; guk nahi dugu pertsona hauek haien eskubideak izatea lanaren ikuspegitik, baina betebeharrak ere izan behar dituzte”.
Baratzeen zaintza gogorra da Del Olmoren hitzetan, eta hori mantentzeko elkarte txiki bat izanik ikuspegi ekonomikoa beti izan dela kezka bat kontatu du. Hala ere, albiste onak ere izan ditu hizpide: “Gaur egun nahiko egonkortuta dago proiektua, baina beti da kezka elkarte txikia garen aldetik. Horrek ate asko ixten ditu erakunde askoren aurrean”.
Bizikidetza ere hor dago. Zaintza ere bai. Arreta bat eman behar zaie langileei, eta horrek “koordinazio handia” eskatzen du. “Gaixotasun mentala duen pertsona baten arretan senideek, Osakidetzak, Lanbidek, gizarte zerbitzuetako sareak… hartzen dute parte. Pertsona asko dago hor atzean, eta gaur egun uste dugu hobetu behar genukeen zerbait dela alderdi horien guztien arteko koordinazioa”. Del Olmo: “Alderdi ekonomikoa eta koordinazioa beti izan dira borroka bat, eta jarraituko dute beti borroka izaten”.
Erein egin da Arraztalo; fruituak eman ditu, eta pozik agertu da Del Olmo orain arte egindako bideagatik: “Baliabide gutxirekin baina auzolanean proiektuak aurrera atera daitezke”.
Ahalduntze eta burujabetza ariketa
“Ahalduntze eta burujabetza ariketa bat izan da prozesu guztia, eta bide horretan ikasi dugu badagoela ohikotik kanpo gauzak egiteko aukera; mugituz gero bete daitezke nahiak”, aitortu du oiartzuarrak.
Bide beretik jarraitu nahi dute, eta datozen urteei begira proiektua egonkortu nahi dute: “Inguruko erakunde guztiekin dugun koordinazioa sistematizatua izatea nahi dugu, langileek izan dezaten arreta integrala esaten den hori. Enplegua, osasun arreta eta gizarteak egiten dute bat Arraztalon, eta koordinazio hori lantzea litzateke etorkizuneko asmoa”.
“Arraztalogatik ez balitz etxean sartuta egongo nintzateke egun guztian”
Arraztalo elkarteko kide da Lurdes Pagadizabal Irastorza. 45 urte ditu, eta 2016tik egiten du lan bertan. Baratzean aritzen da beste hiru lankiderekin batera, eta astelehenetan Oiartzungo plazara joaten da saskiak banatzera. Kanpoaldean, egurrezko txabolaren ondoan erantzun ditu galderak, baina negutegian sartu eta zuzenean joan da altxor gisa izendatu dituen barazkietara: leka saila.
Nola sartu zinen Arraztalon?
Gizarte laguntzailearen bidez ezagutu nuen elkartea, eta haren laguntzaz sartu nintzen hemen.
Nolakoa da Arraztalon lan egitea?
Gure artean oso giro ona dago, batak besteari asko laguntzen diogu. Laguntzeko eta esku bat botatzeko prest gaude beti.
Zenbat kidek egiten duzue lan bertan?
Momentu honetan lau lankide eta bi arduradun gaude. Normalean lauak baratze berdinean egoten gara, baina momentu batzuetan binaka banatzen gaituzte; lanaren arabera izatean da. Batzuetan ez da egoten denontzat lanik, baina ez da ohikoena.
Gure artean oso giro ona dago; bata besteari asko laguntzen diogu
Zer da baratzean egiten duzuna?
Ezberdina da beti. Batzuetan landatzen egoten gara, beste batzuetan plastikoak jartzen, sareak jartzen beste batzuetan, sareak kentzen, negutegiak txukuntzen… Egunaren arabera lanak ezberdinak dira.
Zer da bertan lana egitetik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Lankideekin egotea da gehien gustatzen zaidana, eta aitzurra da gutxien gustatzen zaidana; oraindik ez naiz oso ondo moldatzen harekin.
Lan fisikoa da; ez da beti erraza izango sasoi betean aritzea.
Tira, nekatuta baldin banago polikiago aritzen naiz, ahal den moduan. Hemen [Arraztalon] ulertzen dute gure gaixotasunagatik ere ezin dugula errenditu beste pertsona normal batek bezainbeste. Ez gaude ehuneko ehunean, beraz, batzuetan polikixeago egin behar izaten da lan.
Astelehenetan banatzen dituzue saskiak. Ezberdinak dira, beraz, egun horiek?
Goiz eta arratsalde egiten dugu lan astelehenetan, eta eguna luzeago egiten da. Hala ere badu bere xarma saskia banatu eta bazkideekin kontaktua izateak. Jendeak esker ona erakusten du saskia jasotzen duenean, eta hori polita da.
Jendeak esker ona erakusten du saskia jasotzen duenean, eta hori polita da
Zer garrantzi du, zure ustez, Arraztalo bezalako elkarte bat izateak?
Garrantzi handia du. Arraztalogatik ez balitz etxean sartuta egongo nintzateke egun guztian, eta hori guretzat ez da batere onuragarria. Egunero etxetik atera eta pertsonekin erlazionatzea, lan bat edukitzea, norbere gastuentzat soldata txiki bat edukitzea… Independentzia ematen digute gauza horiek, eta hori ikaragarria da.
Jakin daiteke zure diagnostikoa zein den?
Brote psikotiko bat izan nuen, eta tratamenduan nago duela urte askotik. Ez dut, ordea, beste agerraldirik izan Arraztalon hasi nintzenetik.
Aldatuko zenuke zure lanetik zerbait?
Ez dakit. Agian eskertuko nuke lasaiago ibiltzea eta laguntza gehiago edukitzea beste elkarte batzuetatik. Oro har lan karga apur bat arintzea.
Baduzu Arraztalon gertatu zaizun anekdotarik?
Neguan euri asko egiten du, eta lokatz asko sortzen da baratzean. Noizbait gertatu izan zaigu bota lokatz barruan sartu eta atera ezinda geratzea.