Pasaiako Udalak martxan du 'Goxatu' zerbitzua
Zerbitzuak gazteentzako sexu eta generoari buruzko informazioa eta aholkularitza ematen du. Gaztelekuetan artatzen dituzte pasaitar gazteak, hamabostean behin.
Pasaiako Udalak prest du beste urte batez gazteentzako sexu eta generoari buruzko informazioa eta aholkularitza ematen duen Goxatu zerbitzua. Barruti bakoitzeko gaztelekuetan artatzen dituzte pasaitar gazteak, hamabostean behin. Zerbitzu hori aurrez aurrekoa da, eta astearte edo asteazkenetan ematen dute arreta, 17:30etik 19:30era. Zerbitzuaren berri emateko, informazio kartelak eta sakelako egutegiak diseinatu dituzte. Hurrengo saioa, esaterako, hilaren 9an (asteazkena) izango da, San Pedro eta Trintxerpeko gaztelekuan. Kontsultak ere posta elektroniko bidez egin ahal izango dira.
Goxatu abiatu zutenetik, hainbat berrikuntza sartu dituzte zerbitzuan. Modu esperimentalean jarri zuten martxan San Pedro eta Trintxerpeko eta Antxoko gaztelekuetan, eta balorazioa “ona” izan zenez, Donibanera ere hedatu zuten zerbitzua.
Horrez gain, berariazko tailerrak eskainiko dituzte gaztelekuetan eta kale heziketako zerbitzuan. Horrez gain, Goxatu-ko profesionalak formazio eta prestakuntza saioak egiten ari dira Pasaiako ikastetxeetako LH6ko eta DBH3ko ikasle, irakasle eta gurasoekin, eta OLHUI Pasaiako ikasleekin. Honakoa da LH6koekin lanean ari diren bigarren ikasturtea; izan ere Hezkuntza Gunean identifikatu zuten sexu heziketarekin lehenago hastea eta gehiago sakontzea “ezinbestekoa” dela.
Goxatu-ren helburua da Pasaiako nerabe eta gazteen artean sexuari buruzko informazioa eta prestakuntza hobetzea. “Familien eta ikastetxeen bidez informazio eta prestakuntza ugari jasotzen duten arren, nerabe eta gazte batzuek ez dute beren adinerako informazio eta prestakuntza egokirik; interneten bilatzen dute, edo lagunen bidez eskuratzen dute, ez dute beti aurkitzen, ezta erarik egokienean bilatzen ere”, esan du udalak.
Gazteek, batzuetan, zalantzak edo arazoak izaten dituztela adierazi du udalak, eta horretarako, informazioa edo orientazioa behar izaten dute. Askotan, gainera, gazteek nora joan ez dakitela zehaztu du udalak, intimitatea eta pribatutasuna mantendu nahi dituztelako. Goxatu-k, hain zuzen, behar horri erantzun nahi diola jakinarazi du udal erakundeak. Saio horietan konfidentzialtasuna ziurtatuko dutela baietsi dute, eta zerbitzua denentzat eskuragarria eta doakoa da. Horrez gain, sexuari buruzko zerbitzuak prebentzioa landu eta indarkeria matxistari aurre egin nahi dio.