Tentsionatutako eremu izendapena "positibotzat" jo du PSE-EEk
Egungo etxebizitza larrialdiaren arduraren "zati bat" EH Bilduri egotzi dio PSE-EEk, "azken 12 urtean izan duen etxebizitza politika negargarriarengatik".
Tentsio handiko eremu aitorpen ofiziala egin dio Eusko Jaurlaritzak Errenteria-Oreretari joan den asteazkenean. Indarrean 2025eko urtarrilean sartzea aurreikusi dute, behin Espainiako Etxebizitza Ministerioak aldizkari ofizialean argiratatzen duenean. Udalerria izan da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehena izendapen hori jasotzen.
Errenteriako alderdi sozialistak izendapenaren gaineko balorazioa egin du prentsa ohar bidez. “Positibotzat” jo du albistea Isaac Palencia sozialisten bozeramaileak, “eta alderik onuragarriena udala norabidea aldatu eta neurriak hartzera behartuko duelako. Egungo egoeraren zati handi bat EH Bilduk azken 12 urteetan zian duen hirigintza eta etxebizitza politika penagarri hutsalaren ondorio da”.
Helarazitako oharrean eskerrak eman dizkio Denis Itxaso Etxebizitza sailburuari, “Errenteriarekin duen konpromisoarengatik”.
Izendapenari lotuta, hiru urterako etxebizitza plana ondu du udalak; ezinbesteko baldintza zen hori egungo egoeraren diagnostikoarekin batera prozesura abiatu ahal izateko. Etxebizitza plan horri 14 ekarpen egin zizkiola bere garaian esan du alderdi sozialistak helburu zehatzekin: “Etxebizitza babestuaren eskaintza handitu, etxebizitza hutsak murriztu, auzo guztietan eraikinen birgaitzea sustatzea, emantzipazio politikak sustatzea eta alderdi politiko guztiek osatutako lana mahaia osatzea. Tamalez, plana otsailean onartu bazen ere, lan mahai hori gaur gaurkoz eratu gabe dago”.
Etxebizitza Planean aurreikusitako etxebizitza babestua eraikitzeko proiektu gehienak sozialistek 2004an onartutako Hiri Antolamendu Plan Orokorreko (HAPO) oinarritutakoak direla nabarmendu du sozialisten eledunak—2011 urtera arte izan zuen alkatetza PSE-EE-k—, “eta duela urte batzuetatik iraungita dago. Premiazkoa da, beraz, anbizio handiagoko proposamenak egitea”.
Bukatzeko “neurriak hartzeko” eskatu die EH Bildu eta Elkarrekin Errenteriari, besteak beste etxebizitza babestuen eskaintza handitzeko, etxebizitza hutsak murrizteko —Etxeen %5,5 da hutsik udalerrian—, eraikinen birgaitzea sustatzeko, eta gazteen emantzipazioaren arloan “asmo handiko politikak” bultzatzeko.