"Epe laburreko irtenbideak" nahi dituzte Gaintxurizketako bizilagunek
Gi-636 errepidea seguruagoa izan dadin eskatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur (astelehena) arratsaldean.
Bi hilabete pasa dira ibilgailu batek Lezoko Gaintxurizketa auzoan bizi zen 72 urteko emakume bat harrapatu eta hil zuenetik. Gi-636 errepidean izan zen, auzoan. Horrek samina areagotu eta haserrea are gehiago piztu zuen hango biztanleen artean, errepidea gurutzatzeko biderik ez delako, eta horrelako istripuak horren ondorioz gertatzen direlako. Abuztuaren 5eko hura, arrasto lazgarri baten segida besterik ez zen izan, oinezkoen harrapaketak eta istripuak maiz gertatzen direlako han. Azken harrapaketa hura eta gero elkarretaratze jendetsua egin zuten. Gaur berriz ere bilduko dira, 18:00etan, Errekalde hotelaren pareko zabalgunean.
Bizilagunek HITZAri esan diotenez, jakin badakite gaia arlo politikoan lantzen ari direla. Lezoko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bideak zabalik dituzte gaia bideratu, eta irtenbidea emateko. Etzi (asteazkena), berriz, Gipuzkoako Batzar Nagusietan aztertuko dute gaia. Horri begira, presioa egin nahi duten gaintxurizketarrek, “Gi-636ak ezin du horrela jarraitu. Konponbideak nahi ditugu epe laburrean”.
Izaten ari diren urratsen jarraipena egiten ari dira auzokideak. Politikarien esku dago irtenbidea, erakundeen arteko adostasun eta irtenbide logikaren barruan. “Politikariek jakin dezatela jarraipen zorrotza egiten ari gatzaizkiela”, esan dute.
Gaurko elkarretaratzera ibilgailuz hurbilduko direnek Salvan eta 107 poligonoan dute aparkatzeko aukera.