Mintzalagun programak euskararen erabileran eragin nahi du
Lezoko Udalak eta Oroitzene AEK Euskaltegiak Mintzalagun egitasmoa jarri dute martxan euskaraz aritzeko espazio erosoak bilatzeko. Hilaren 18an aurkeztuko dute dinamika Saldise plazan egingo duten Mintzodromoan.
Lezoko Udalak eta Oroitzene AEK Euskaltegiak prest dute 2024-2025 ikasturteko Mintzalagun programa. Izen emateak ireki dituzte jada, eta gaur aurkeztu dituzte egitasmoaren nondik-norakoak Iker Salaberria Lezoko Udaleko Euskara zinegotziak, Edurne Lizarazu Oroitzeneko irakasleak eta Mintzalagun programako dinamizatzaileak eta Juli del Sol euskaltegiko ikasleak eta Mintzlaguneko parte hartzaileak.
Lezo UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da, eta herri euskaldun bezala kontsidera badaiteke ere, Iker Salaberriak adierazi du “eragozpenak” eta “zailtasunak” daudela euskaraz bizi nahi duten horientzako. Egoera horren aurrean, joera orokor batzuk identifikatu dituzte, egungo errealitatea “asko eraldatzen” dutenak. Horrez gain, azken urteetako euskararen oldarraldiaren aurrean, euskaraz bizi ahal izateko eskubidea askotan bermatzen ez dela nabarmendu du Euskara zinegotziak.
Lezoren kasuan, euskararen ezagutzak “dezente” aurrera egin duela baietsi du udal hautetsiak. Gaur egun, lezoar askok dute gaitasuna euskara ulertzeko eta hitz egiteko, baina gaitasuna duten pertsona asko gaztelaniaz “erosoago” edo “errazago” mintzatzen direla zehaztu du Salaberriak. Faktore eta aldagai askok euskararen erabileran eragiten dutela nabarmendu du Euskara zinegotziak, eta horiek erdara nagusi izatea ekartzen dutela gaineratu du.
Salaberriaren esanetan, aditu askok diote ondorengo urteak erabakigarriak izango direla euskararen etorkizunerako. Alde batetik, hizkuntzaren galera prozesua sakontzeko arriskua ikusten da; eta, bestetik, aukerak daude hizkuntza normalizazioan aurrera egiteko. Udal hautetsiak jakinarazi du datozen urteak erabakigarriak izango direla norabide batean edo bestean egiteko.
Udalak, euskararen normalizazioan aurrera egiteko, Lezo Euskaragarri izeneko plan estrategikoa du martxan. Plan horren baitan, bi norabidetan ari dira lanean Lezon. Alde batetik, hizkuntzaren ezagutza zabaldu nahi dute lezoarren artean, eta horretarako herritar guztiek euskararako sarbidea izan behar dutela ziur da udala. Euskara irisgarri egiteko, hitzarmen bat dute Oroitzene euskaltegiarekin, eta laguntzak ematen dira euskara ikasteko. Euskaltegiko ikasleei, %70eko asistentzia badute, matrikularen %100a itzuliko zaie.
Bestalde, udalak ikusi du beharrezkoa dela euskaraz aritzeko espazioak eraikitzea. Mintzalagun programa bigarren helburu horren baitan kokatzen dela azaldu du Salaberriak.
Mintzalagun programa
Mintzalagunaren helburua euskara kalera ateratzea dela esan du Edurne Lizarazuk, eta hori boluntarioen lanari esker lortzen dela zehaztu du. Boluntarioen artean bi figurak hartzen dute parte: bidelagunak eta bidelariak. Bidelagunek euskaraz ondo aritzeko gaitasuna dute, eta bidelariek euskara ezagutu eta ulertzen dute, baina espazioak behar dituzte horretan sakontzeko.
Funtzionamenduari dagokionean, mintzalagun taldeak astean behin elkartuko dira euskaraz gustura eta eroso aritzeko espazioetan. Talde horiek finkoak izango dira ikasturte osoan zehar, eta talde txikitan bilduko dira. Horri esker, Lezon arnasguneak sortuko direla adierazi du programaren dinamizatzaileak.
Lizarazuk nabarmendu du bidelaguna ez dela irakasle bat izango; bere helburua izango baita euskaraz jarduten laguntzea. Hori dela eta, ez dute euskara zuzena erabiliko, xedea baita jariotasunez aritzea. Bidelariek, aldiz, B1 mailatik gorako euskara maila izan beharko dute programan parte hartzeko. Lizarazuk jakinarazi du horren helburua dela bidelariak “erosotasunez” eta “jariotasunez” aritzea eta bidelagunak ulertzeko gai izatea.
Mintzalaguna, gainera, ez da soilik astean behineko saioetara mugatuko, antolatzaileek kanpo ekintzak ere programatu baitituzte. Kanpo ekintza horiek hilabetean behin izango dira, asteburuetan, eta beste herrietako mintzalagunekin topo egingo dute. Topaketa horien xedea aisialdia euskaraz eskaintzea eta mintzalagunen sare bat sortzea direla adierazi du Lizarazuk. Kanpo ekintzak doakoak izango dira, eta txangoak, ikastaroak edota kultur emanaldiak aurreikusi dituzte.
Izen emateak
Mintzalagun programaren izen emateak ireki dituzte jada, eta urri osoan egongo da egitasmora atxikitzeko aukera. Dinamizatzaileak nabarmendu du hiru modutara eman daitekeela izena: 943 51 91 44 telefono zenbakira deituta, helbide elektronikora mezua bidalita edo aurrez aurre Oroitzeneren egoitzan.
Mintzalagunaren berri emateko, Salaberriak jakinarazi du Mintzodromo bat ondu dutela hilaren 18rako Saldise plazan, 19:00etan. Saio horretan egitasmoaren xehetasunak eta funtzionamendua aurkeztuko dituzte. Interesa duen oro gonbidatu dute Saldisera gerturatzera, eta Mintzodromo hori mintzalagunen arteko topaketa bat izango dela aurreratu du Euskara zinegotziak.