Ingurumenaren alde egiteagatik, sariak
Oarsoaldeko bost ikastetxek ingurumenaren alde, nahiz energia eta ur kontsumoa gutxitzeko egindako ahaleginagatik saria jaso dute.
50/50 egitasmoaren partaide izan ziren berriz ere joan den ikasturtean Oarsoaldeko hainbat ikastetxe. Proiektu horren helburua da ikastetxe horietan ingurumenaren aldeko lanketa egitea, C02 emisioak eta ur kontsumoa murriztuz. Hori guztia monitorizatua izaten dute ikastetxe horiek, eta kontsumo adierazleak nahiz ekonomikak erabiltzen dituzte. Hala, ingurumenaren zaintzaren aldeko inpaktu pedagogikoa sortu nahi dute ikasleen artean, baita hezkuntza komunitateetan ere. Zehazki, energia eta ur kontsumoarekin lotutako ohitura iraunkorrak hartzearen garrantzia nabarmendu nahi dute 50/450 programarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Departamentuak finantzatutako egitasmoa da. Egitasmoaren barruan egindako lanagatik berriki sariak jaso dituzte partaide izan diren ikastetxeek. “Lorpen horien benetako protagonistak ikastetxeetako haurrak dira, beren gogo eta dedikazioarekin etorkizun iraunkorra baterako buru izan dira”, esan dute Oarsoaldea Garapen Agentziako ordezkariek: “Beren parte hartze aktiboaren bidez, erakutsi dute hezkuntza eta ekintza kolektiboa funtsezkoak direla ingurumena gehiago errespetatuko duen mundu bat eraikitzeko”.
Hala, egitasmoan parte hartzen dutenentzat pizgarri ekonomikoak daude. Lortutako energia eta ur aurrezkiaren diru balioaren %50 hezkuntza komunitatearentzako sari gisa erabiltzen da, eta beste %50a eskola instalazioen eraginkortasuna hobetzeko inbertitzen da, aurrezki iraunkorreko zikloa sortuz. Pizgarri ekonomiko horiek, sari bidez ematen dituzte. Ondokoak izan dira saritutako ikastetxeak: Pasaiako Karmengo Ama Heri Eskola, Oiartzungo Elizalde Herri Eskola, Lezo Herri Eskola, eta Errenteria-Oreretako Cristobal Gamon Ikastetxea nahiz Bizarain Ikastola.
Ikastetxe horiek 50/50 programaren barruan egindako ekintzek, beraz, saria izan dute. Ikastetxeek jasoko dute onura ekonomikoa, baina egindakoaren eragina udalerrietan izan da, hezkuntza zentro horietan egindako lanketari esker 35.000 euro aurreztu dituztelako tokian tokiko lau udalek. Hori horrela, egindako lanagatik honako diru saria jasoko dute partaideek:
- Pasaiako Karmengo Ama Herri Eskolak, 1.457,38 euro.
- Errenteria-Oreretako Bizarain Ikastolak, 5.620,45 euro.
- Lezo Herri Eskolak, 4.000 euro.
- Oiartzungo Elizalde Herri Eskolak, 2.406,49 euro.
- Errenteria-Oreretalo Cristobal Gamon Ikastetxeak, 3.506,08 euro.
Sari banaketa ekitaldian, saritutako ikastetxeetako ikasle eta kideez gain, Oarsoaldeko udaletako hautetsiak, Oarsoadea Garapen Agentziako kideak, nahiz Gipuzkoako Foru Aldundikoak izan ziren.
Oarsoaldea Garapen Agentziatik nabarmendu dute udaletako teknikariek berebiziko garrantzia izan dute proiektuaren arrakastan: Lander Valparis, Pasaiako Udaleko instalazio teknikaria; Joana Auzokoa, Pasaiako Udaleko ingurumen teknikaria; Mikel Suarez, Lezoko Udaleko energia teknikaria; Niko Bengoetxea, Errenteriako Udaleko iraunkortasun teknikaria; Peru Kortabarria, Oiartzungo Udaleko energia teknikaria; eta Ander Santesteban, Oiartzungo Udaleko ingurumen teknikaria.