Trenbide saihesbideak eragindako bizilagunekin batzartu da udala
1.500 sinaduratik gora bildu dituzte bizilagunek, obren ondorioz Galtzaraborda eta Alaberga artean zabaldu den arrakalan elkargune bat sortzea eskatuko diote bizilagunek Eusko Jaurlaritzari.
Galtzarabordako geltokiaren inguruan bizi diren bizilagunekin bildu da Errenteriako Udala. Eusko Trenbide Sarearen (ETS) topoaren maiztasunak bikoitzeko Altza-Galtzaraborda trenbide saihesbidearen lanak egiten ari dira, eta bete-betean eragiten diete horiek bizilagunei.
Lanek eragindako “ezinegona” izan dute hizpide, izan ere, inguruko bizilagunek bi urtetik gora daramate zarata, hauts eta bibrazioak salatzen. Ez da hartu-eman horretan hizpide izan duten gai bakarra. 1.500 sinaduratik gora aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Iraunkorraren sailari zuzentzeko, eskaera zehatz batekin: tunelaren bokale berriaren eta Galtzarabordako geltokiaren artean Topoaren trenbide berriak lurperatzeko; izan ere, egiten ari diren lanen ondorioz areagotu egin da Galtzaraborda eta Alaberga auzoen arteko arrakala, eta beraz, elkargunea bat sortzea beharrezkoa jo dute.
Horrekin lotuta, eskaera zehatza egin diote halaber, udalari ere: Babes dezala Eusko Jaurlaritzaren eta ETSren aurrean eskaera hori. Udal ordezkariek ingurunea biziberritzeko proiektu estrategikoarekin konpromisoa berretsi dute.
Lanak hasi zituztenetik horiek eragindakoen gaineko bizilagunen kexak ETSri bidaltzearekin batera, inguruan informazio eta arreta gune iraunkor bat jartzeko eskatu duela jakinarazi du, bestalde, udalak. Horren bidez, inguruan bizi diren 3.000 pertsona baino gehiagok proiektua beraren eta haren martxaren gaineko informazioa jasotzeko aukera izateaz gainera, kezkak eta iradokizunak helarazteko erreferentzia puntu bat izango lukete.